Duela bi aste, Txema Arinas zutabekideak kritikariaren eskergabeko lana aipatu zigun, ondorioztatuz liburu txarraren idazlearen estimua ez galtzeko bide bakarra isiltzea zuela. Hain zuzen ere, kritika ezkorrak eginez, kritikariak ez luke soilik autorearen egoa nahi ala ez zaurituko, baizik eta, inkontzienteki bada ere, literaturaren arlotik ostrazismoz baztertuko. Alabaina, Claude-Edmonde Magnyk Essai sur les limites de la littérature saiakeran 1945ean idatzi bezala, «literaturaren mugak kritikarenak baizik ez dira».
Beharrik muga horiek aldakorrak direla: kontestu batean txartzat zeukatena bat batean on bihur daiteke —eta alderantziz—, literatura bizirik denaren seinale. Hortaz hainbat adibide aurki daitezke literaturaren historian; konparazione, François Villon, Gerard de Nerval, Charles Baudelaire, Lautreamont, Charles Cros, Antonin Artaud edo Olivier Larronde «poeta madarikatutzat» dituzte frantses literaturan, beren obra kalitateaz hil ondoan baizik ez baitziren ohartu.
Berriki, literaturaren mugak beste manera batez galdekatzera bultzatu zuen Ivan Jablonka historialari frantsesak. Ezen, 2012an argitaratu zuen gaitzeko liburu bat, Histoire des grands-parents que je n'ai pas eus. Enquête, hiruzpalautan sariztatua izan zena. Hortan, Ivan Jablonkak bere aitatxi-amatxien bizitza kondatzen du, erakutsiz nola bizi ziren Polonian, eta pittaka-pittaka nola behartuak izan ziren Auschwitz kontzentrazio zelaira joatea, juduak eta komunistak zirelako. Liburu hori ohiz kanpokoa da historiagrafiaren metodo akademikoak errespetatzen dituelako, ikerketa arrunt zorrotzak molde zientifikoz aurkezten dituelako, baina aldi berean autobiografia osatzen duelako eta idazlearen familia memorian oinarritzen delako.
Funtsean, Ivan Jablonkak 2014an teorizatua ere du historia molde horretan idazteko egin duen hautua, L'Histoire est une littérature contemporaine liburuan. Aldarrikatzen du hor literarioki aipa daitezkeela gertakari historikoak, soziologikoak edota antropologikoak, zientzia bakoitzaren marko metodologikoak errespetatuz, fikziora lerratu gabe —«Napoleonek bekainak zimurtu zituen» edo «aitatxik beldurrez aditu zuen SSen bota harrabotsa eskaileretan» bezalako erranaldiak erabili gabe.
«Gero eta literarioago, are zientifikoago», dio Ivan Jablonkak. Liburu horiek polemika edo gutienez eztabaida sortu dute historialari handien artean Frantzian: literaturak, hots, bihotza jotzen duen sailak, balio ote du fikzioa ez den gertakari historikoak zientifikoki transmititzeko? Literatura zaleok badakigu fikzioa eta autobiografiaren bidez aspaldi literatura jakitate iturri dela. Hona orain zientzialariek baliatzen dutela beren ikerketa fruituen berri emateko, ez haatik historia- edo zientzia-fikzioaren bidetik ariz, baizik eta beren metodo araudien baitan geldituz.
Histoire des grands-parents que je n'ai pas eus. Enquête genero anitzeko liburuarekin, bai historiografia bai literaturaren mugak zabaldu direla diote kritikari frantsesek, eta ene ustez arrazoi dukete, ildo berriak zabaltzen dituzten horietarikoa delako.
HIRUDIA
Literaturaren mugak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu