Juan Luis Zabala
Literaturako Nobel Sariak. IRITZIA

Lirismorik eta espanturik gabe

2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Peter Handkeren irakurle fidel izan nintzen garai urrunean, Das Gewicht der Welt izan zen gehien liluratu ninduen liburua (gaztelaniaz irakurrita: El peso del mundo). Betiko iltzatuak geratu zitzaizkidan liburuko ohar labur batzuk: «Goizean atzamarrean ebakia egin eta gero, gauean, platerak garbitzen dituzten bitartean, esparatrapua erortzen zaien ezin konta ahala etxekoandreengan pentsatu; orain, sukalde mordo batean esparatrapu bustiak eta biribilkatuak daude atseden hartzen, tantaka lehortzen ari diren plateren ondoan». «Gaur, dendan, gatza erosi nahi eta bilatzen ari zen paketea aurkitu ez duen agurea; handia erosi du, besterik ezean, eta esan du txikiak hiru urte irauten diola. Isiltasun arraro bat zabaldu da denda osoan zehar, denon pentsamenduetan agurea gatza azkeneko aldiz erosten ari zelako ideia zabaltzen zen bitartean».

Lirismorik eta espanturik gabeko intimismoa aurkitu nuen Handkerengan; prosaikoa, hitzaren zentzurik poetikoenean. Aurreiritzirik eta batez ere aurre-xederik gabeko idazkera autokritikari beldurrik gabea; zintzoa, hitzaren zentzurik gaiztoenean.

Gero utzi egin nion Handke irakurtzeari. Aspertu egin nintzen begiak letrazko basamortu luze eta askotan ezin ulertuzkoetan nekatzen, barrua inarrosten zidaten pasarte gero eta banakagoen bila.

Das Gewicht der Welt liburuko pentsamendu koxkorren egileak Nobel saria jasoko omen du. Ez dakit albistea pozgarria den edo ez. Baina bizitzak irakurgai jartzen digun apuntetxo moduan badu indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.