benat sarasola
Lauhazka

Lingua Twitter Imperii

2024ko abenduaren 22a
04:00
Entzun

Twitter sare sozialak, orain X izen estrainio hori duen horrek, itogin bat baino gehiago izan du azken urteotan. Ugariak izan dira handik martxa egiteko kanpainak baina, dudarik gabe, azkenekoak, Donald Trumpek berriro AEBetako lehendakaritza eskuratu ondotik bultzatutakoak, orain arteko arrakasta handiena izan du. Elon Musk, Trumpen babesle handienetarik eta, bere transfobia higuingarriak adoretuta, neofaxismoaren erreferente nagusietarik, sare sozial horren jabea da 2022tik eta, aurretik ere handik hanka egiteko aski arrazoi baldin bazegoen, orain are argiago dago dena. Bistakoa da Muskek hura erosi zuenetik hona kontua aski okertu dela eta, egun, gertuago dagoela neofaxismoaren erraustegi digitala izatetik herritar libreen agora irekia izatetik baino. Nagusitu diren alternatibak Mastodon eta Bluesky izan dira, eta bada aldaketa horri jite heroikoa eman dionik ere, bere erabakiaren berri nazioari edo are nazioarteari hotsandiz ematen ari balitzaio bezala. Twitteren ajeak, badakizue. Ziur aski egin dezakegun onena sare sozial guztiak kolpetik uztea da, haietan ez daudenek aldiro arrazoiz eta arrandiaz gogorarazten diguten bezalaxe, behatxulotik erne eta zoli begiratzen gaituzten bitartean.  

Victor Klemperer filologo alemaniarrak liburu zoragarria idatzi zuen nazismoaren akaberetan, eta erregimena erori eta oso denbora gutxira argitaratu zuen, 1947an: LTI. Notizbuch eines Philologen (LTI: filologo baten oharrak). Nazismoaren hizkuntzaren erabileraren kritika bat da funtsean, filologia, historia, politika eta soziologiaren bidegurutzean idatzitako liburu guztiz argigarria. Bizi ditugun garai makurrotan irakurketa ezinbestekoa izan beharko litzatekeelakoan itzuli naiz berriz ere liburura eta ohartu naiz aurtengo irailean inprimatu duela berriro (10. aldiz dagoeneko) minúscula argitaletxeak gazteleraz (ez dugu oraindik euskaraturik, tamalez). Ez dirudi kasualitatea denik.

Krimen bat da lerro gutxi batzuetan liburu osoa laburbiltzea baina haren tesi nagusienetako bat honakoa da: nazismoa ez da amaituko haren hizkerarekin, Lingua Tertii Imperi –Hirugarren Inperioaren Hizkuntza– deitu ziona akabatzen dugun arte. Erregimena eror liteke, erori zen, baina besterik da hizkera bat lurperatzea. Gaur egun, nazismoaren kredoa berpizturik dugun honetan, ideia osoro iradokitzailea da zoritxarrez. Nazismoaren ideiak hamarkadatan hizkera sor batean gorde balira bezala, ur azpiko korronte ezkutu baina uhartsu batean, harik eta lurrazalera irten eta berriro hementxe dugun arte, muturren aurrean, senidearen, auzokoaren, adiskidearen ahotan.  

«Baiki, X gezur eta azal uztea ondo dago baina alferrik ibiliko gara sare sozial batetik bestera saltoka ez badugu, aurrez, Twitterren bueltan nagusitutako hizkera edo erretorika hori abandonatzen»

Baiki, X gezur eta azal uztea ondo dago baina alferrik ibiliko gara sare sozial batetik bestera saltoka ez badugu, aurrez, Twitterren bueltan nagusitutako hizkera edo erretorika hori abandonatzen. 2022tik hona irainak, mespretxuak eta isekak eguneroko harri ditugu, halako moldez non ia ezinezkoa den taxuzko ezertarako espaziorik aurkitzea. Baina, egiazki, kontua lehenagotik zetorren. Ordurako Twitterreko hizkera pozoitsu bat sortua zen, zeina lehia dialektikoan kosta ahala kosta gailentzean zetzan. Erretorika hori primeran laburbiltzen dute garai batean bolo-bolo ibili ziren «zasca» sonatuek. Logika horretan kontua edozein egokiera aprobetxatzea da zure aurkariaren ahulgune bat antzeman eta hura irrigarri uzteko. Batek iraganeko ez dakit zein txio aterako dio aurkariari haren kontrako kolpe ezin zehatzagoa delakoan, beste batek ortografia akats barkaezina seinalatuko dio, harako hark burlaz imitatuko du haren estiloa plazaren erdian irrigarri uzteko. Kontua horixe izan baita, laidoa jende guztiaren bistara egitea, plaza publikoa baliatzea zure herraren biktima zezentokiaren erdian paratzeko, inguruan banderilleroak biraka dituela.

Twitter Inperioaren Hizkuntza logika erretoriko horretan oinarritu da aspalditik eta Muskek hori baliatu besterik ez du egin, basatza are gehiago lokazteko; hauspotzeko erretorika horri ezin hobeki –ez alferrik– egokitzen zaizkien ideia ultraeskuindarrak.

Gaizki ibiliko ginateke plataforma aldaketa soil batekin kontua konponduta legokeela pentsatuko bagenu, are plataforma berri hori librea eta deszentralizatua izanik ere. Klempererrek erakutsi zigunaren bidetik, X zera horretatik desertatzeaz aparte hizkera oso bat desmuntatu beharko dugu beste hizkera humanoago bat eraikitzeko. Konpromezu hori hartu beharko genuke setati jarraitzekotan garenok, behatxulotik begiratzen gaituztenek ere ingurune digital bizigarriago bat kontenpla dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.