Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Leysin

2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Biarritzeko aireportuan aparkatu dut. Iritsi naizenerako, kotxean 39 gradu egingo ditu. Erdi mareatuta nago, izerdituta, baina gogotsu, berriro dudalako kontzertu bat Suitzan.

Hegazkinera igo naiz, jendea jada oso txukun jantzita dago, eta nire izerdiarekin kontrastean, haien azal makillatua eta perfume usaina apreziatu ditzaket.

Genevara iritsi, eta aura batek jo nau. Ez dut ondo ikusten eta tren bat hartu behar dut. Gainera, ez dut bazkaldu. Korrika noa, tren baten seinalearen atzetik, postu batean 15 eurorengatik ogitarteko bat hartu dut eskuetan eta lasterka deskribatu didaten trenera igo naiz. Ondo.

Jaten dudan bitartean, pixkanaka, aura joan zait. Berriro ondo ikus dezaket, eta eskerrak, ikusiko dudanak merezi duelako; aurrena, hiria, eraikin zuri eta grisak, baina eleganteak, estilizatuak, eta ez Amenabarro estilokoak. Gero, laku turkesa bat azaldu da, etxetxoak haren inguruan, eta hamaika parada egiten ditu trenak herritxoetan, lakua hondoan dagoelarik. Ia-ia berdea da. Jendea dago uretan, beste batzuk arrantzan, eta, berriro ere, ongi etorri Suitzara, zer eta zisneak lasai-lasai, edonon.

Iritsi naiz geltokira, jaitsi eta kotxean eraman naute Leysinera, mendian gora. Eguzkiak gogor jotzen du, eta jaialdiko sarrera guztiak saldu direla kontatu didate, txikia dela aforoa eta ez dutela aldatu nahi. Gero, Leysineko datuak eman dizkidate; eskiatzeko leku aparta dela; bertako gizon bat tuberkulosia sendatzeko erietxe bat jarrita aberastu zela, eguzkia hartzea botika bakartzat ezarriz; eraikin dotore hori diplomazialarien seme-alaben nazioarteko eskola dela… Hau guztia, hiru mila biztanle inguruko herritxo xarmagarri honetan.

Jaialdira noa, ilaran jarri naiz, hippy estilismoen artean. Kontzertuan izugarri dantzatzen dira, txalo asko, harrigarria. Bukatu dut, bertan sukaldatu duten jaki ezezagunak probatu ditut, etxeko kombucha eta sagardoa… teknikariarekin hotelerantz bueltatzean, ez dago farolarik, baina ez dut beldurrik sentitzen —sentsazio arraroa—. Badakit ez dagoela arriskurik.

Orein bat igaro da gure aurretik, izar iheskor baten gisa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.