Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Letrekin ekonomia, mesedez

2023ko abenduaren 10a
05:20
Entzun

Esatenda-ohartuzara!?-kontatudidate zaleak gara. Neurri batean ala bestean. Gehiago ala gutxiago. Nahita ala nahi gabe. Baina denak gara garaiko giroan zabaltzen diren esamesen eraginpeko. Inork sortu ez, baina denok gertu sentitzen ditugun usteak dira. Topiko bihurtu diren usteei buruz ari naiz, elkarrizketa deserosoetan salbamenduko txaleko gisa funtzionatzen duten horietaz.

Esaten da hezkuntza oso gaizki dagoela, irakasleek jada ez dutela bokaziorik. Ohartu zara!? Orain gurasoek dena konpontzen dute mugikorra emanez... Kontatu didate lehen autentikoagoak zirela gazteak. Gaurkoan, horietako topiko bati helduko diot: labur eta motzean irakurtzea (edo idaztea) okerragoa dela asko eta luze irakurtzea (edo idaztea) baino.

Esaten da gazte zein heldu, gutxi irakurtzen dugula. Lerroburuetan geratzen garela. Proustek ezingo lukeela egun kabidarik izan. Eta irakurtzen duten horietakoa bazara, azkar, presaka egiten duzula, denborarik eskaini gabe literatura bezalako dama patxaroso eta handiari, laburrean irakurri (eta idaztea) bigarren mailako literatura ekintza balitz bezala. Eta ez dakit ohartu zaren, baina badirudi gutxi irakurtze/labur idazte horretan balio judizio bat ezkutatzen dela: gutxi irakurtzen duzu? Gaur eguneko gazte hauek... Labur idatzitakoa maite duzu? Jakintzarik ezin sortu denbora asko eskaini gabe. Nahi gabe edo nahita, begi hobez ikusten ditugu 500 orriko tesiak 150ekoak baino. Poesia liburuak ere, geroz eta mardulago, orduan eta garrantzitsuago omen.

Ez dakit zuri ere kontatu dizuten azkenaldian aipatu berri dudan klixe  honen adibide konkretu hau: gaur egun boladan daude narrazio labur, nobela motz, atal liburu eta aforismo bildumak. Ugaritu egin dira gisa horretako idatziak. Harritu nauena ez da uste hori, egia baita. Euskal literatura lekuko. Harritu nauena izan da baieztapen horren ostean datorren argudiaketa: gorakada horren arrazoiak azaltzean ez da genero horiek edota autore horiek berezko duten balio literarioetara jotzen (dela sintesirako gaitasuna, dela motzean idazteko behar den abilezia); kontrara, haien balio funtzionalera jotzen da: autobusean irakur daitezkeelako; geure buruari inposatzen diogun denbora libre horretan erraz kabitzen direlako; presaz bizi garenez, eroso irakurtzen direlako; irakurlea engantxatzeko azkarragoak direlako... Laburtasuna arinkeriaren baliokide balitz bezala, edo alferkeriarena, edo merkatu kapitalistaren morroi ezin hobea (eta ausartuko naiz esatera, mespretxu horren ekuazioan ere sar litekeela generoaren koordenada, azpimarratu izan baita emakumeak izaten direla labur idazten dutenak. Baina beste egun baterako utziko dudan esaten da bat da hori). Ez dut ukatuko arrazoi horiek garrantzia dutela, baina bilatu ditzagun argudio horien kontraargudioak, argitu ditzagun kontra-ohartuzara!? batzuk:

Ohartu zara? Testu laburrak ez dira pentsamendu laburraren parekide. Izan daitezke, baina lotura ez da logikoa. Adibidez, aforismoak pentsamendu amaigabeak sintetizatzeko ariketa dira; nahas-mahas mentala ordenatzeko bidea; inteligentziaren seinale.

Ohartu zara? Laburrean idatzi eta irakurtzeko arrazoia ezintasun fisikoa izan daiteke, bere aldaera guztietan. Askorendako modu bakarra da literaturaz gozatzeko. Nietzschek aforismoak idatzi behar izaten zituen buruko eta begiko min amaiezinengatik: gutxian asko esan behar zuen. Haren aforismoak literatura patxaroso, handi eta sakonaren erakusleiho dira.

Ohartu zara? Asko pentsatzeak ez du kalitatezko pentsamenduaren baliokide izan behar. Posible da pentsamendu eskas eta hutsaletik tiraka esaldi oso luzeak eta orri andana idaztea. Laburrean idazten duenak ikasten du asko esaten hitz gutxirekin.

Laburtasuna laburkeriatzat hartu izan da azkenaldian. Eta labur idatzitako asko, ados, laburkeria da; baina ez dena. Igerabidek esan bezala, «labur idatzita, denbora gehiago geratzen da jolaserako». Gainera, tradizio luze samar bat dugu horren lekuko: Montaigne, Pascal, Epikuro... Pentsa, Sokratesek berak ez omen zuen deus idatzi! Hari ere mespretxuz begiratuko ote zioten?

Eta nik ere labur eta azkar amaitu nahi dudanez (espero laburkeriatan erori ez izana), isildu eta beste bati emanen diot hitza: «Bizimodu normalean gaizki hartzen da zikoizkeria. Eskuzabaltasuna hobesten da eta, laguna zenbat eta emankorragoa izan, hobe. Baina literaturan aldrebes izan beharko luke. Idazlea, zenbat eta zikoitzago, zenbat eta zuhurragoa izan, hobe. Ze gogaikarria den idazle berbaldunen emankortasuna hitz gutxi batzuk zezeltzea aski litzatekeenean: soberazko hitzak, erretolika, blaga. Asko hitz egiten denean gutxi esaten da, asko entzuten denean gutxi aditzen da. Letrekin ekonomia, mesedez». Joseba Sarrionandia dixit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.