Durango leku da. Lekua da. Hor gara leku. Hor leku gara bihurtzen. Hor kokatzen, hor arnasten. Hor aterbetzen. Hor elkartzen.
Durango orain 50 urte jaio zen, baina Durango orain 35 urte hasten da, gelakideekin batera txangoan joan, eta poema liburu dedikatu bat erosita etxera bueltatzean. Durango poema liburu horrekin abiatzen da. Ordudanikda leku Durango.
Durango merkatua da. Eta merkatua garrantzitsua da. Saldu egin behar da. Eta erosi. Ahal bezain beste. Saltzea eta erostea kultura egitea da. Edo kulturaren bidearen zati bat dira. Sortu, ekoitzi, pentsatu, idatzi, eman, hartu, entzun, irakurri, ikusi, barneratu, eztabaidatu, gozatu, kopiatu, fotokopiatu, pirateatu, baztertu, bota, zabaldu. Ekintzak guztiak dira kulturaren sokaren korapiloak.
Durango merkatuz kanpoko eremua da. Sortzaile, hartzaile eta eragileen topagune. Elkarren arnasa hartzea, elkarrekin. Elkar ikustea, elkar entzutea, elkar ukitzea. Elkarrekin haserretzea. Garagardoa eta ardoa. Zuria eta beltza. Durango, azokara sartzea ezin iritsita, bi egun batarekin eta bestearekin tabernatik tabernara ematea da. Festa, erritoa. Prozesioa. Nahi dena, ados. Baina dena behar da. Diruak batzuetan badu bihotzik.
Gure txikitasun ez normalizatuan biak dira beharrezko, xoxak eta maitasuna. Eta berariaz bultzatu behar da salerosketa, eta berariaz sustatu behar da zabalkunde librea, eta berariaz indartu behar da topagunea, eta berariaz egin leku sortzaileei eta hartzaileei elkarrekin nahas daitezen.
Durango herritartze bidean dagoen kultura bat da. Durango bere publiko propioaren bila dabilen kultura bat da. Durango sortzaile, irakurle eta entzule bila dabilen kultura bat da. Durango bere literatura, musika, zinema eta pentsamendu bila dabilen herri bat da.
Durango transmisioa da. Durango, are, sozializazioa da. Durango, Niko Etxartek eta Maialen Lujanbiok, solasaldian daudela, elkarrenganako soka bat jostea da. Eta solasaldia entzuten, lurrean eserita dauden Eskean Kristö musika taldeko kideei Etxartek soka bat botatzea eta hauek hartzea. Eta beste hamaika soka korapilatzea inguruan dauden lagunekin, eta segi eta segi, eta soka dantza bat egitea. Eta horrela sare bat osatzea. Eta sare barruan zaudela, lekua hori dela ohartzea. Hori da pertenentzia. Lekua hori da. Leku bat, bederen. Lekua hartu eta lekua eman egin behar da.
Durango musika zuzenean entzuteko lekua da, idazleak errezitatzen ikustekoa. Durango kultur politikaz eta eragiletzaz, erreleboaz, ikusgarritasunaz eta prestigioaz eztabaidatzeko lekua da. Korapiloak askatu eta berriak lotzekoa.
Durango da lekua. Iraganak eta geroak zentzua hartu behar duten lekua. Eta zentzua eman, etorkizunaren lekua izango bada.
Durangoko Azokak mende erdi. IRITZIA
Lekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu