Literaturaz jarduteko lehen txanda honetan, literaturaz zinez zer ote dakidan galdetu behar nioke neure buruari. Eta hori jadanik maite ez zaituen norbaiti gabezia horren arrazoiak geldetzea bezain zaila da. Eztarria garbitu eta, «zergatik?» galdetzen duzu, eta badakizu erantzunak asko izango duela mingarritik, baina baita ere gozotik, egia horrek lagunduko baitzaitu betiereko maitasunaren lilura umetiarra betiko galtzen. Egiaren zauria eta edipotasunaren sendagaia, biak labankada berean.
«Gauak egunari lekukoa pasa» ziola idatzi nuen inoiz argitaratu ez dudan poesia bilduma batean. Ezin esango dut inoiz aurkikuntza hura Tolstoiren mailakoa zela uste izan nuenik. Aurkikuntza txikia zen, neuk ere banekien, eta hala aurkeztu nion Koldo Izagirreri, poesia bildumaren barruan. Koldok liburua bi egunetan zuzendu eta ekarri zidan. Hura agurtu orduko izutu nintzen, nik utzi eta hark zuzendutako eskuizkribuan gorria besterik ez baitzen ikusten. Hantxe ari ginen protokolozko hitzak elkarri esaten, eta bere besazpian, nire liburua, gorriz amildua.
Hatza gauaren eta egunaren arteko trukaketa atletikoaren gainean paratu zuen Koldok eta galdetu zidan: «Zer esan nahi dik egunari lekukoa pasatu?». Totelka erantzun nion egunsentiaz ari nintzela. «Eta itsusia al duk ba egunsenti hitza?». «Beno, ezberdin jarri nahi nian». «Ezberdin jartzeko forma ederrak bilatzea ongi zagok, baina lekukoarena ez duk ederra, eta ederra ez baduk ez dik balio», esan zidan. Memoriaz ari naiz, noski, geure arteko hitzak kakots artean agertu arren. Pittin bat borrokatu nintzen nire esaldiaren alde, baina amore eman nuen, ez samintasunik gabe.
Lezio txikia irudituko zaizue agian, baina niri askorako balio izan dit. Batetik, esploratzailearen lanarekiko errespetua irakatsi zidan. Edozein harri ez dela museorako pieza, alegia. Sakon zulatu behar dela balio handiko piezak aurkitzeko. Eta, bestetik, sinpletasunaren duintasuna: bat batean datorrenarekiko begirunea. Harri soila ederra izan litekeela, harriaren funtzioa harbidean bat gehiago izatea bada eta ez nabarmentzea. Egunsenti hitza ederra bada, zertarako aldatu?
Artifizioarekiko eta pirotekniarekiko arbuioa ikastea ederra da idazle batentzat, eta agian, ezinbestekoa. Hitz xumearen eta hitz jasoaren arteko muga lausoan dago literatura, eta hitz jasoak (edo forma ederrak) oharkabean azaldu behar du testuan, beti han egon izan balitz bezala, ze idazleak propio jarrita bezala ageri bada, tranpa ikusten da, iruzurra.
Lehen testu hartan baziren beste 'aurkikuntza' eder batzuk, inork ez dezala pentsa nire gehiegikeria guztiak «lekuko» hartan geratu zirenik. Oraindik «olatuen azpian desagertutako hondar gaztelua bezala betiko joandako lagun bat» oroitzen dut, hura ere gorriz inguratua, edota «elurra bezala urtzen zen egun» bat. Nire alde esan behar dut larrosa hitza ez zela bilduma osoan ageri.
«Ez zaitut maite, dagoeneko», esango du maitaleak, zintzoa bada, etxea utzi aurretik. Eta hori pasa izan duenak badaki zein den mingarria, eta badaki zein den argigarria, egia izugarri baten jabe egiten baitzaitu: ezer ez dela betiko. Esteve Tesichek «geure gaitasun mugatuen tragedia» deitzen zuen hura, hain zuen. Eta halaxe geratu nintzen ni enkontru haren ondoren, inuzentzia oroz gabeturik.
Literatura. Hirudia
Lehen eskuizkribua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu