Miren Agur Meabe.
HIRUDIA

'Le temps de lire'

2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Azertu handiz esaten zuen Katixa Dolhare-Zaldunbide zutabekideak pasa den asteko artikuluan, zein zaila den egunerokotasunetik askatzea sortzeko astia lortzeko, eta zein gogoangarriak zaizkion txikitan denbora arruntetik kanpo bizitzen zituen une apartak, bereziak zirenak irakurketaren batek goxotzen zituelako. Egiaz, denbora minututan neurtzen bada ere, bakoitzaren buruan neurkera propioa dago, eta horrexen arabera hedatu edo uzkurtu, mamitu edo irristatu egiten zaigu denbora, Daliren erlojuetan bezala.

Sortzeko ezezik, denbora ideal horren aldarrikapen antzean, George Moustakiren kanta bat gogoratu zitzaidan: «Nous prendrons le temps de vivre, d´être libres…», eta denbora horren sinonimo, «le temps de lire». Izan ere, batzuetan, hiru ekintzak —bizitzeko, aske izateko, irakurtzeko denbora hartzea— gauza bera dira.

Danniel Pennac-ek pasadizo esanguratsu bat kontatzen du Nobela bat bezala saiakeran: soldadutza Frantziako kuartel batean, 71ko negua. Soldadu bat egunero aurkezten da boluntario, sistematikoki, inork egin nahi ez duen zeregin baterako: letrinak garbitzea. Balientea da gaztea, lan hori zigortzat hartuko bailukete besteek. Orduak ematen ditu komunean, miresgarria da lanbasa pasatzeko afizio hori. Zer mania sekretu ote dauka? Baieta di-da pasatu, atea giltzez itxi eta militar eremuaren gainetik hegan egitea… liburuak irakurriz. Gogolen obra osoak konpentsatzen omen zion pix-usaina, halako eran non mutilak ez zituen zenbait kontu sekula ulertu, gozatu eta oroituko komun-garbiketa besterentzat utzi izan balu.

Inoiz ez naiz izan irakurle amorratua, baina ez daukat ahazteko umezaroko goizetako errutina atsegina. Gurean bizi zen izeko zaharrak sagar gorri garratza (auskalo gorria zen, baina hala ikusten dut oroitzapenen aldaretxoan) ekartzen zidan ohera, Bob eta Bobetteren komiki batekin batera. Hitzak eta marrazkiak kontenplatzean sortzen zen une intimoak ez zuen parekorik: ez zegoen plazer handiagorik izara epelen artean hala gosaltzea baino, denboran saltoak egiten zituzten biki moderno haien konpainian. Kasualitatez jakin nuen, urte asko geroago, Willy Wandersten belgiarrarren istorioetako bat zela material hura, eta haren balio grafiko eta literarioan sartu gabe, irakurle hasi berri gisa bizi izaten nuen emozio hura oparituko nieke gaurko umeei, ohituago daudenez gero telebista pizten eskolara orduko.

Ikasturtearen hasieran gaude eta irakurri beharko dituzte liburuak urtean zehar. Umeek, literaturaren bidez gauza asko deskubritzen dituzte: edertasuna, poza, mina, baita beren burua ere, liburuek errealitatea den testu korapilatsu eta liluragarria «irakurtzen» ere laguntzen dietelako. Hala ere, askotan ahaztu egiten zaigu liburuek ez dituztela harrapatuko bitartekari huts legez jokatzen badugu: ez da berdin hiri bat bisitatzea agentzia batek kontrataturiko turismo-gidari bati segika edo bertako biztanle batek erakutsita. Ezinezkoa da norberak sentitzen ez duena igortzea, eta batzuetan, sentituta ere, ezin igorri.

Badut lagun bat, askoren moduan zaletasuna kutsatzeko ahalegin pedagogikoa egin zuena alabarekin. Ilusioz egiten zuten sartu-irtena astero liburudenda batean, Txikiparkera balitz bezala, jostatzera, eta etxera liburu banarekin bueltatzen ziren, pozarren ustez, harik eta egun batean, dendan sartzearekin batera, bospasei urteko neskatxoak amari esan zion, ahapeka: «Amatxu, zuk erosi nahi duzuna, baina niretzat ez hartu ezer, e!».

Pennacen gogoetara itzuliz, irakurri aditzak ez du onartzen aginterarik, beste aditz batzuei — maitatu, amets egin eta abar— gertatzen zaien bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.