Familiako norbaitek Club Juvenil (Gaztetxoen Kluba) delakoaren albumen gaia atera zuen bazkalondo luze horietako batean. Horrelako gauzak gordetzea gustatzen zaidanez, armairu zaharretan txikitako altxorren bila jardun nuen. Bertan topatu nituen zenbait urtetako albumak.
Gure inguruko kutxek modua asmatu zuten etxeko txikienek dirua aurrezteko, eta horietako bat album batean kromoak biltzea zen. Kromo sobre bakoitzetik diru pixka bat sartzen genuen gure kartillan eta horrela aurrezteko ohitura sustatzen zuten onura publikoa besterik bilatzen omen ez zuten aurrezki kutxek.
Harrituta geratu nintzen album haietako batzuen edukiekin eta diseinuarekin. Gipuzkoako zuhaitzei eskainitakoa, adibidez, oso modernoa iruditu zitzaidan, 1976. urtekoa zela kontuan hartuta. Diseinatzailearen izenaren bila jarri nintzen berehala. Hara non, Laura Esteveren izena topatu nuen lehendabiziko orriko beheko izkinan. Banuen Esteve diseinatzailearen berri, eta horregatik ez ninduen askorik harritu begiz jo nuen argitalpena berea izatea. Baina pentsarazi zidan zein gutxi ezagutzen ditugun Euskal Herriko diseinuarentzat erabakigarriak izan diren emakumeak. Berez, diseinu grafikoa ez bada izan Euskal Herriko izaera marka, oso urruti geratzen zaizkigu alor hori landu duten emakumeak.
2004. urtean Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbara aretoak Laura Esteveren lan grafikoei, marrazkiei eta pinturari erakusketa bat eskaini zien; orduan izan genuen bere lana hobeto ezagutzeko aukera. Hogei urte pasatu dira ordutik, eta gaur egun erakusketa osatuago bat behar dugu 70eko hamarkadatik ia gaur egunera etengabe lanean jardun duen artistarentzat.
Pintura lanak baztertzeko batere asmorik gabe —aitzitik, 2010ean Donostian erakutsitako koadroek izandakoa baino oihartzun handiagoa merezi zutela uste dut—, diseinuaren alorrean egindako lanei ikerketa lanen bat eskaini behar zaie. Kartelak, eskuorriak, egutegiak, logoak eta beste argitalpen ugari diseinatu zituen bere bizitzan, nahiz eta bere artista senak alderdi komertzialetik aldentzeko gogoa eragiten zion. Bere ustez, artistegia zen produktu komertzialak sortu ahal izateko. Hala ere, nire iritziz ez dago kontraesan handirik bi mundu horien artean, eta horren lekuko egun hauetan Bilboko Arte Ederren Museoan zabaldu duten Nestor Basterretxearen diseinu eta arkitektura lanen inguruko erakusketa.
Gustura ikusiko nuke Laura Esteveri eskainitako horrelako erakusketaren bat gure museoren batean. Bitartean, berreskuratutako txikitako albumen diseinu ausart eta garaikideaz gozatzen jarraituko dut.