Espainiako Ministroen Kontseiluburua Arrasateko Santa Agedan 1897an hil zuen anarkista italiarrak ez omen zuen bakarrik egin bere gogaideek Bartzelonan zuela gutxi jasandako zapalkuntza bortitzagatik; atentatugileak azaldutakoaren arabera, tiro egiteko orduan gogoan izan zuen José Rizal Filipinetako sendagile, poeta eta idazlearen hilketa bidegabea ere, urte erdi lehenago gertatua. Bada, Canovas del Castillo izan zen Rizalen heriotza-zigorra betetzeko agindua sinatua zuena.
José Rizal aski ezaguna da, bestalde: Espainian eta Alemanian ikasten eta munduan zehar bere sorterriaren alde lan egiten ibili zen, Manilan —Espainiako kolonia orduan— 35 urte zuela garrotez hil zuten arte, matxinada-delitua leporatuta. Egun Noli me tangere haren eleberri mamitsuena —non espainiarren kolonialismo ankerra salatu baitzuen—, jorratu beharreko irakurgaia da Filipinetako ikastegietan.
Rizal ez zen anarkista, ez eta bortxa baliatzearen aldekoa ere. Gainera, ez zuen helburu Filipinetako burujabetza: espainiar hiritarren eskubide berdinak eta Espainiako Gorteetan ordezkariak izatea besterik ez zuen eskatzen bere herrikideentzat.
Rizalek ez zuen bere jatorriaz lotsa den indioa izan nahi —espainiarrek bertakoei mespretxuz emandako izena erabilita—, filipinarra baino. Hala, ekarpen handia egin zion Filipinetako herriari, herrian askatasun-egarria eta ausardia piztuz bere idazkiak eta ekintzak zirela bide.
Rizalen izaeraz eta jarreraz jabetzeko belaunaldi bereko Gustav Landauer judu alemaniar pentsalari anarkista eta ekintzaile pazifistarengana jo dezakegu, berau Rizalen belaunaldikoa. Izan ere, biak ala biak, giza duintasun eta eskuzabaltasunaren eredu dira. Landauerrek ondoko hau idatzi zuen Sozialismorako Deia izeneko bere liburuan: «Gainbehera eta behartasun gorriko garaietan, ez kulturarik ez asmamenik ez dagoen horietan, min hartzen duten gizakiek —ez kanpotiko mina soilik, baizik eta batik bat barnetikoa, ingurua beraien izaera barru-barrukoena, beren bizia, beren nahimen, sentimen eta gogamena atzitzen saiatzen delako—, ideal baten beharra dute horri guztiari aurre egiteko».
Baina adi: Landauerrek argi uzten du ideal hitzak ospea galdua duela, hain zuzen, itxurazale belaxka txepelek beren buruari idealista irizten diotelako; ordainetan, sasizientzialari berritsuak eta burges zikoitzak beraiek errealista bakarrak direlakoan daude.
Rizal, agian, idealista baino, ameslaria zen, betiere garai guztietan aldarrikatu ohi diren halabehar politikoetatik urrun eta diru- edo botere-gosetik aske. Alabaina, amets hitzak berak ere galdu du esanahia. «Bete ezazu zure ametsa!», dio publizitateak, ametsa markak hausteko lehia edo egozentrikoen gailentzeko grinaren sinonimoa balitz bezala.
Ametsek, ordea, uste oneko jendea bizi den lurraldea osatzen dute. Xaloak dira, berez, utilitarismo gabeak; eta ez dute zerikusirik self made (wo)man delakoaren ideologiak sustatzen duen norgehiagoka indibidualistekin.
«Zertan da bizia?» galdera egin zuen Landauerrek aipatu liburuan. «Laster hilko gara, denok hiltzen gara, ez gaude ezta bizirik ere. Ezer ez da bizi, bilakatzen garena eta gure baitatik sortzen duguna izan ezik. Sorkuntza bizirik dago; ez, ordea, sorkaria, baina bai sortzailea. Esku zintzoen ekimena da bizirik dirauen bakarra, hots, gogo huts egiazale baten jarduera».
Landauer nahiko ameslaria eta poeta ere bazen, Rizalen antzera. Parte hartu zuen Alemaniako Lehen Errepublikaren sorreran, zeinak Kaiserren Erresuma eta bertako 22 herrialdetako monarkia txiki desagertzea ekarri zuen berekin. Bizitza osoa eman zuen langileen eskubideen aldeko borrokan. Eta azkenik, aukera izan zuen Bavariako Sobiet edo Langileen Batzorde-Errepublikan Hezkuntza Arduradun gisa aritzeko.
Zoritxarrez, Bavariako Errepublikak ez zuen iraun hilabete baino... Ondoren, Landauer atxilotu eta Freikorps talde paramilitar ultranazionalistetako kide batzuek hil arte jipoitu zuten kartzelan 1919an, 49 urte zituelarik. Halere, Alemaniara ez da, behinik behin, monarkia itzuli, espainiarrak oraindik Erregeren mendekoak diren bitartean.
Ustezko errealismo versus egiazko idealismoaren gai garrantzitsua alde batera utzirik, kontua da Espainiak 1892an—alegia, Rizali heriotza eman eta bi urtetara— ezustean galdu zuela Filipinetako kolonia betiko, Estatu Batuen kontrako borrokan.
Testuinguru honetan, oso adierazgarriak dira Manilako Badian izandako hondamendi militarraren hurrengo egunetako eztabaidak Espainiako Gorteetan: kritika egin beharrean, legebiltzarkide eta ministroak datuak elkarri ezkutatuz eta aitzakiak bilatuz ibili ziren gertatutakoaren erantzukizun politikoa saihesteko.
Beste askotan bezalaxe, Manilakoan espainiar politikari, militar eta apaiz atzerakoien ohiko lardaskeria geratu zen agerian; esan nahi baita, gobernu espainiarren gaitasunik eza gauzak aurreikusi eta epe luzean ganoraz antolatzeko edota arazo politikoei gorroto eta odolik gabe konponbidea bilatzeko.
LAUHAZKA
Lardaskeriatan jarrai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu