Abuztu erdiko jaiegun sargorian jasotako notiziak astindu egin dezake, baita orainetik iraganera bidaia zakarrean burua jarri ere. 94 urte beteak zituela hil da Agustin Gonzalez Azilu musika konpositore eta intelektual altsasuarra, Madrilen. Bat-batean, flasharen antzera, neure buruak gaztetxo garaitara narama, Tolosa zuri-beltzekora.
Abesbatzen Lehiaketak lehen urratsak eginak ditu jada, eta horren ingurumarian jatorri eta jakin-min askotako jende ugarik bat egin zuen, askatasun egarriz, kulturaren —oro har—, musikaren, eta, zehazki, euskal musikaren nondik norakoez aritzeko, eta bidea jorratzeko. Besteak beste, elkartu ziren bera bezala Espainiatik zetozen Samuel Rubio musikologoa eta Joakin Pildain konpositoreak Euskal Herrian zeuden Tomas Garbizu, Luis de Pablo, Jose Antonio Arana Martija, Aurelio Sagaseta, Francisco Escudero, Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja eta Carmelo Bernaola kulturgileekin, besteak beste, euskal musikaren esentziaz eta aurrera begirako garapenaz eztabaida sutsuak egiteko.
Tarteka nire harmonia ariketak erakusteko eskatu zidan gizon jakintsu hark liluratzen ninduen, eta aitortu behar dut arrasto sakona utzi zuela nire musikazaletasunean. Aziluren bideak ertz ugari ditu, noski; musikari dagokionez, garaiko mundu mailako abangoardia besarkatzen baitu, horrek gure lur etzean bat-batean duen erantzun antzua jasotzeko arriskuarekin. Irakaskuntzari dagokionez, oparoa da bere ibilbidea, eta nabarmena utzitako ondarea, Iruñeko Taldearen sorrerarekin eta horrek duen jarioarekin. Euskal kulturari eta musikari egindako ekarpena ere erabakigarria izanen da, nahiz eta asko saiatu izan diren hori lausotzen, eta gurean, ohikoa denez, ahanztura baldarrean desegin izan dugun. Barandiaran eta Caro Baroja izango ditu iparrorratz nagusi euskal pentsamenduaren, espiritualtasunaren eta etnografiaren alorrean; eta Koldo Mitxelena, Joxean Artze eta Anbrosio Zatarain euskararen ezagutzari dagokionez, bera ez baitzen euskal hiztuna.
Artzeren Laino guztien azpitik eta Sasi guztien gainetik liburuetan oinarritutako eta Nafarroaren askatasun galeren data beltz esanguratsuenak kontatzen dizkigun Arrano beltza obrak hautsak harrotu zituen 1977ko estreinako emanaldian. Hizkuntzari dagokion fonetikaren berezko indarrak erabiltzen ditu autoreak; horien hotsek duten esanahian sakontzen dute ordura arte inoiz egin ez den bezala.
Haren soslaia landu dutenek diote heldutasunean ez zuela ia enkarguzko obrarik konposatu nahi izaten, «sortze bidea oztopatzen» duelako, baina 2000. urtean, Joxe Migel Zeberio nire aita zena hil ostean, haren omenezko obra ederra, orain artean entzun gabea, idatzi zion Xabier Amurizarekin batera; lagunarteko adioa zen. Hitz labur hauek balio dezatela gure kulturaren aurrerabidean ezinbesteko izan ditugun ahantziak azaleratzeko, eta erreferentzia hauetatik eraikitzen lagun diezagutela gure alderraia.
IRITZIA
Lanean askatasunetik aritu zaren horri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu