Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

Lanbro artean, Ander eta Yul

2024ko urtarrilaren 21a
05:05
Entzun

'ander eta yul'

Zuzendaria. Ana Diez. Iraupena. 90 minutu. Urtea. 1988.

1989ko urtarrilean, La Vanguardia egunkariak Ander y Yul: terrorismo y drogas en Euskadi izeneko artikulua kaleratu zuen. Horrela iragartzen zuen Ana Diez zinegile nafarrak egindako film luzea, aurretik Donostiako Zinemaldian estreinatu zena eta urte berean zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuena. Ander eta Yul bi lagunen arteko harreman tragiko baten istorioa da. Ander kartzelatik atera berri den Errenteriako droga-saltzailea da, eta Yul, haren gaztetako lagun mina eta erakunde armatu bateko kidea —esplizituki aipatzen ez den arren, ETAri buruz ari da—. Asier eta biok dokumentalaren antzera (Aitor eta Amaia Merino, 2013), gatazka politiko baten hondoan garatu den laguntasun konplexuari buruz mintzo da Diezen pelikula; kasu honetan, ordea, heriotza ezberdinen itzalek ehunduko dute pelikularen trama.

Iragan den mendeko 80ko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak banatu zituen diru-laguntzen bidez ekoiztu ziren 35 pelikuletatik honakoa izan zen emakume batek sortutako bakarra. Anomaliatzat hartu izan da horregatik, eta pentsa daiteke garai hartako zinema industriaren ekoizpen moldean astuna izango zela —gauza bera egun— gizonkeria artistiko zein teknikoarekin gudukatu behar izatea. Ondorengo hamarkadan ere ezohikoa izango zen euskal emakumeen lanak topatzea fikzio luzeen esparruan, eta, halere, iritsi zaizkigu garai hartatik Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy eta Helena Tabernaren lanak.

«Garai horretako film askotan ohikoa bilakatuko da ordura arteko narrazioetan nagusi zen euskal kostunbrismotik existentzialismorako jauzia. Erdi gizaki eta erdi mamu, erdi bizirik eta erdi hilda, pertsonaiek beti galdekatzen dute ikuslea garaiko bizimodu hauskorraren zentzuaren inguruan».

Jarduera armatuak trapitxeroak —hots, gameluak— akabatzen zitueneko testuingurua presente dago Ander eta Yul filmean. Trafikanteen kontrako kale-margoketen eta fikzionatutako manifestazioen irudiak agertzen dira, eta, oroz gaindi, paisaia lanbrotsuak eta lainoa, beti lainoa. Pertsonaiak atrapaturik bizi dira inguru horretan —Errenteriako eta Donostiako kaleen garaiko irudiak ikusten dira— espektatiba esanguratsurik gabe, heroina eta polizia jazarpena nagusi zen denboran. Garai horretako film askotan ohikoa bilakatuko da ordura arteko narrazioetan nagusi zen euskal kostunbrismotik existentzialismorako jauzia. Erdi gizaki eta erdi mamu, erdi bizirik eta erdi hilda, pertsonaiek beti galdekatzen dute ikuslea garaiko bizimodu hauskorraren zentzuaren inguruan.

Alde askotatik azter daiteke Ander eta Yul egungo begiradatik, baina testuan eta, hortaz, pertsonaiek esaten dituztenetan arreta jarriz gero, aktibatzen dira garai horretako esangura batzuk. «Badakizu hiltzen ari zinela uste nuela?». «Noiz?». «Lehen, larrua jotzen». Nobela oso bat idatzi liteke esaldi horretatik tiraka, baina kasu honetan Ander eta Sara protagonisten izara arteko elkarrizketa zatikatu bat da. Gizarte lainotsu horretan babesleku bezala agertzen dira, besteak beste, gaua eta sexua. «Gauez egiten dut beti». «Eta egunez, zer egiten duzu?». «Lo. Eguzkia irten arte ez dut logurarik».

Sekuentzia gogoangarri batean, Sarak polizia-oldarraldiaren ondorioz ketan dagoen kalea zeharkatzen du, pauso lausoz, kanuto bat erre berritan Ascenseur pour l'Echafaud filmean (Louis Malle, 1958) agertzen den Jeanne Moreauren antzera. «Tabernak hutsik gustatzen zaizkit. Nahikoa da kanuto bat zuk ikusi nahi duzun jendeaz betetzeko». Sara bere desira malenkoniatsuan bizi da, bakardade gozo batean eta konforme Anderrek ematen dion larru-jolasarekin. Begoña Siles Ojedak 2001ean filmari buruz idatzi zuen artikulu batean esaten zuen pertsonaia femenino guztiak pelikula honetan gizonen trama indartzeko baino ez direla existitzen. Halere, beste irakurketa batzuk ere egin litezke, Anderren sexu-gosea bete baino gehiago, Sarak ere berea asetzen duela behinik behin. Nahiko genituzke ikusi egungo filmetan bakarrik eta lasai bizi diren emakumezko protagonista gehiago, loriarik gabe baina errukirik gabe ere bai.

«Nahiko genituzke ikusi egungo filmetan bakarrik eta lasai bizi diren emakumezko protagonista gehiago, loriarik gabe baina errukirik gabe ere bai»

Garai baten aztarnak topa daitezke manifestariek oihukatzen dituzten leloetan, «Barrionuevo, te vamos a freír», edota polizia komisarioaren esanetan, «hay droga suficiente para dormir a esta ciudad». Dialogo pisutsuak, euskarara bikoiztuak batzuk, eta, hartara, badago aktoreen ezpainen eta entzuten denaren arteko desinkronia bat: gazteleraz mintzo dira batzuk baina euskaraz entzuten ditugu. Eta zer? Berdin dio, inperfekzio horretan uler daiteke Tuterako zuzendariaren apustua: «Iruñean baino gehiago bizi naiz Madrilen, baina euskal herritarra naiz eta egungo istorio bat kontatu nahi izan dut» (La Vanguardia, 1989).

Berriki sortu den Primeran doako plataforma digitalean ikusgai dago Ander eta Yul, Euskadiko Filmategiko gordailuetan zeuden euskarazko beste film batzuekin batera. Pantaila handian hobeto bada ere, ez dago harribitxi hau ez ikusteko aitzakiarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.