Inigo Astiz
ANALISIA

Laborategia ordenatzeko sasoia

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
«Iruditzen zait Euskadi laborategi bihurtu dela, museoen esperientziei dagokienez». Gutxienez bi hamarkadako historia museistikoa laburbildu zuen esaldi bakar horrekin Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko egungo zuzendariak, BERRIA egunkariari 2018an emandako elkarrizketan, eta egindako esperimentu horiek ordenatzeko sasoia heldu zela ere proposatu zuen. Adierazpenak egin eta urtebete pasa dela, irudi luke oraingoan erakundeetako ordezkariek asmo hori izan dezaketela. Arte garaikidean lan egiten duten hainbat ahots kritikok behin eta berriz abisu eman duten bezala, etxeko lanik ez da falta, besteak beste, egungo eskaintza museistikoa ordenatzen, zentro bakoitzaren nortasuna eta egitekoa zehazten, bilduma publikoari buruzko gogoeta kritikoa sustatzen, erosketa politika antolatzen eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatzen. Baina, lehen asmoa publiko egin zenetik hamarkada pasa joan den arren, tarteka jarraitzen du Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuak titularretan agertzen eta desagertzen, eta, horregatik, ez dirudi beti orkestrako kide guztiak melodia bera jotzen dabiltzanik.

Guggenheim fundazioak duela 23 urte Bilbon egindako lur hartzea da Zugazak izendatutako laborategi museistikoaren ikurrik argiena, baina kontuan hartzekoak dira lurrikara nagusi horrek Euskal Herriko hainbat herritan utzitako erreplikak ere, ez baitira gutxi Guggenheim efektuaren lilurapean iraupenerako aurrekontu eta proiektu argirik gabe abian jarritako egitasmoak. Nafarroan, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa izan daiteke horren adibiderik argiena, 2007. urtean ateak ireki eta egun gutxira itxi behar izan zuelako Nafarroa Bai koalizioak gidatutako udalak, eta geroztik noraezean bakarrik mantendu duelako martxan UPN alderdiak zuzendutako gobernuak hamarkada bete pasaz, harik eta, azkenean, lauko gobernuaren babesarekin, 2016. urtean topatu duen arte bere nortasuna. Artistentzako produkziogune bilakatu dute espazioa orain, eta lau sortzaileko zuzendaritza konpartituak gidatzen du proiektua. Badabil, beraz. Baina luzea eta bihurgunetsua izan da horrainoko bidea.

Badirudi atzean geratzen dela laborategi sasoi hori, Euskal Herriko museoen mapak nahiko ezarrita baitirudi orain. Bilboko Arte Ederren museoa handitzeko proiektua martxan dela, mahai gainean daude pieza guztiak.

Eta badira mugimendu gehiago ere. Zuzendaritza berria izendatuta, bultzada berreskuratzen hasia dirudi Gasteizko Artium Arte Garaikideko zentroak. Berpizten ari dira museo publikoek hainbat urtez hilda izan dituzten obrak erosteko partidak. Berriz ere ateak ireki ditu Hernaniko Txillida Leku museoak (Gipuzkoa), fundazio pribatu baten eskutik. Berregonkortuta dago Altzuzako Oteiza museoa (Nafarroa), erakusketak egiteko ia aukerarik gabe pasatutako igaroaldi baten ondoren. Urte batzuk ere egin ditu irekita Opusek gidatutako unibertsitatearen museoak Iruñean. Eta, azkenik, abian daude hainbat museoren arteko koordinazio programak ere.

Gogoan hartzekoak dira Zugazaren hitzak, berriz ere. «Mota eta formatu askotako erakusketa areto eta museoak zabaldu dituzte. Uste dut horiek guztiak aztertu behar ditugula, eta gure artean elkarlanerako zubiak eraikitzeko saiakera gehiago egin behar ditugula». Argi. Eta ozen. Horregatik, nekez pentsa liteke Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariarena gogoeta pertsonal soila izatea. Ezinbestean, halako proposamenen alde igartzen du haizea Zugazak.

Bada kontuan hartu beharreko esparrurik ere. Eta Ismael Manterola arte adituak ezin zorrotzago planteatu zuen haietako bat egunkari honetan bertan: «Ez dut oso garbi zergatik sortzen ari garen hain azpiegitura moderno eta handiak, prekaritatean bizitzera kondenatutako langilez bete behar baditugu». Hain zuzen ere, erakunde publikoek kultur zerbitzuak azpikontratatzeko duten modua lehen lerroko gai bilakatu dute lehen-lehenik Bilboko Arte Ederren Museoko langileek 2016. urtean egindako grebak, Guggenheim museoko hezkuntza departamenduko kideek egindakoak ondoren, eta Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek egindakoak duela ez hainbeste. Hankamotz geratuko bailitzateke arte garaikidearen mapa ordenatu berria, baldin eta hura sostengatzen duen jendea prekaritatera kondenatuko balu.

Iruñeko Udalak bertan behera utzi berri duen Hiriartea proiektua izan daiteke aurrera begira gogoan izan beharreko beste abisuetako bat. Eraikuntza berririk egin gabe, Ziudadela arte garaikidea sustatzeko gune bilakatzea zuen helburu proposamenak, baina bide hori itxi, eta berriz ere erakusketak antolatzeko lehengo irizpide kaotikora itzultzea erabaki du UPNren udal taldeak. Eta Iruñeko kultur arloko hainbat artista, komisario eta kudeatzailek kaleratutako oharrak argi izendatu du halako mugimenduen atzean egon ohi den mamua: interbentzionismoa. «Kultura beraien interesen baliabide gisa ulertzen dute politikariek, eta kultura proiektuak instrumentalizatu, manipulatu edo desarmatu egiten dituzte». Tamalez, kulturari dagozkion erabakiak hartzean, zenbait erabakiguneren kasuan ez da arraroa kultur sektoreak proposatzen duenari entzungor egitea.

Garai batean, polemika sortu zuen Urdaibai inguruan beste Guggenheim museo bat sortzeko proposamenak, eta haren aldeko kanpaina egin zuten lehen lerroko hainbat ordezkari publikok. Denborarekin, ordea, badirudi babes hori apalduz joan dela, edo behintzat urritu egin direla haren beharrezkotasunaren aldeko aldarrikapen publikoak. Animoak baretu dira. Eta, aipamen gutxi batzuk salbu, ez dirudi proiektuak hasierako sostengu instituzionala berreskuratuko duenik. Eta orain erabakiko da Urdaibaikoa, azkenean, zer izango den: jadanik pasatutzat jo daitekeen sasoi baten azken antzara, edota bueltan etorriko den giro baten oroitarazlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.