Asko hitz egiten da Laboari buruz. Euskal kulturaren erreferentzia handienetako bat dela eta, kantari donostiarraren hamaika balio aipatzen dira: benetakotasuna, ausardia, konpromisoa...; gauzak egiteko modu propio bat zeukala-eta behin eta berriro azpimarratzen den askatasun estetikoa. Nago, ordea, bere gainean eraiki den mitoak berak hainbeste estimatzen zuen askatasuna lausotzen duela. Modu honetan, emaitza erronka gisa planteatzen zaigu: transmisioa.
Mikel Laboaren heriotzatik hamar urte bete direnean, haren ondarea jagon, hazi eta zabaltzea omen dagokigu ondorengo belaunaldioi. Hala, Sekulabelardiko kantaria-k euskal kulturan utzi duen arrastoa nabarmentzeko orotariko lanak topatu ditzakegu: esaterako, musika talde ezberdinek haren kantei egindako bertsioak daude —Txerokee (1990, Elkar) eta Txinaurriak (Bidehuts, 2010) diskoak aipatuko nituzke esanguratsuenen artean— edota akademiaren esparrutik zein bestelakoetatik haren musikagintzaz gogoetatutakoak. Guztiak dira Laboak euskal kantagintzan izan duen garrantziaren lekuko. Erronka, baina, transmisioan baino, transmititu beharrekoan dagoela pentsatzen dut. Denboraren orratzak urtu ahala kilikatzen ez gaituen ondare bezala gordeko ditugu haren kantuak, ala bizi-bizirik jarraitzen duen figura iradokitzaile baten moduan hurbilduko gatzaizkio?
Sormena, eta, beraz, kantagintza, kultura batetik eratortzen den adierazpidea da. Eratorbide izatetik harago, sormena kultura baten eragile ere bada gainera; bien arteko harremana eta lotura estua izanik. Hala kontuak, kulturak jendarte bat ulertzen eta eraldatzen lagun diezaguke, eta Mikel Laboak norabide horretan egin zuen ekarpena sakona da. Modu oso pertsonalean egin zuen gainera. Izan ere, kantari donostiarrak arreta pizten zion oro bereganatu eta emaitza ikusgarriak lortu zituen, euskal kantagintzan ordu arte inoiz jorratu gabeko bideetan murgilduz. Era horretan, bere bertute bilakatu zen itxuraz oso ezberdinak diren elementuen joskera: iragan hurbila eta gaurkoa batu zituen, (in)komunikazioaren murruak eraitsi, poema biluziak doinuz jantzi, belaunaldi ezberdinak edota arte diziplina ezberdinak nahastu, tradizioa esperimentatu, hitzetatik urrunduz mintzatu... Finean, askotariko zubiak eraiki zituen.
Italiako jaki famatuenean bezala, baliteke Laboak eraikitako zubien sekretua ere orean ezkutatzea. Tradizioa, momentukoa eta esperimentazioa elkarren artean gurutzatu, ukitu eta jauzi egitera eraman zituen doinu artean; kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzetan, eta berak ere nahiago izan zuen dogmen mugetatik ihes egin. Laboaren legatuaz hitz egiten denean, hori berori azpimarratuko nuke nik, baina bestelakoa izaten da gehienetan berari buruzko irudia. Ikono bat bihurtu dugu, euskaldun jator eta xalo baten gisara, bere erraietatik egiten zituen orroak ahaztuz. Nahita ala nahigabe, baina mitoaren aurpegi atseginenarekin gelditu garelakoan nago, bere baitan gordetzen zituen hamaika ertz ostenduz.
Partzialtasun horrekin nekez ulertuko dugu Laboaren arkitektura konplexua eta kamustuko dugu bere asmo iradokitzailea. Ondorioz, transmisioa kolokan da. Nola eraikiko dugu, bada, zubia, atzo arte berak egin zuen moduan, musikaren alorrean arriskua gehien besarkatzen ari direnekin? Azken horiek dira gaur egunean berritze kulturalaren ahaleginetan aukera gehien sortzen ari direnak, Laboaren asmo iradokitzaileei jarraipena eman diezaioketenak. Ez dute zakarrontzietako hondakinen balioaz eztabaidatuko, ez digute hostoz hosto erantzi beharreko lili bat emango, agian ez dute mugaz bestaldeko biztanleentzako galderarik izango, baina ziur txoriaren hegaldiak izango duela jarraipenik.
HAMAR URTE LABOA GABE
Laboa: hori bakarrik eta hori dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu