Donostiako auzo eta herriei zuzenduriko Donostia Kulturan lanean dihardu duela urte eta erdi Amaia Almirallek. Testuinguruari erreparatuz, zera dio, «zorionez, Donostian ez dago makroenzefalitisik» beste hiriburuetan gertatu daitekeen moduan, Gipuzkoako %26 biltzen duelako Donostiak eta hiriburutik at badirelako eskualde eta herri handi eta biziak. Horrek, bestetik, hiriburuari merezimenduak ere zailago iristea dakar.
Azalpen kritikoarekin osatu du hitzaldia Amaiak. Zer den baino gehiago, zer ez den Donostia Kultura esanez hasi da. Donostia Kultura ez baita «kultura Donostian». Laurogeiko hamarkadan, deskontzentrazio garaian, leku guztietan patronatu eta erakunde piloa sortzen hasi ziren. Sakabanaketa horretatik, metaketa garaira igaro zen sistema, eta, zelan ez, kultur sistema ere orduantxe hasi zen Donostia Kultura delakoan dena metatzen; sakabanaketa zein metatzea Odon Elorzaren garaian ematen ziren bi eredu dira, biak ala biak eredu ekonomizista batetik abiatuta. «Rissotoa zer den azaltzea bezalakoa da Donostia Kultura azaltzea; ez da paella bat, ez da arroz saldatsua, ez da arroz zuria… Badirudi azkenean amaitzen dela ulertzen ez?». Baina ez da erraza, osagai asko eta pisu desberdinekoak baititu.
Tabakalera, Zinemaldia eta Kursaalak SA izaera dute. Azken horrek adibidez, SA bat eta fundazio bat ditu barruan, fundazioa litzateke kultura ekitaldien programatzaile, eta bertako Herri Musika izena duen programa litzateke Donostia Kulturatik bideratzen dena soilik, macroholding bat bistan denez. Musika Hamabostaldiak ere izaera propioa du. Eta iritsi da entzule askok espero zuten gaira, 2016ra, hor egon baita galderarik gehien, baina hori ere ez dela Donostia Kultura, edo konpartitua dela aurreko beste egitasmoen antzera, Jaurlaritzak, udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatzen dutelako egitasmoa. Tabakalera bezala, hau ere guda eremu bat izan omen da azken urteetan. Oteizak esaten zuen moduan, kultura guda eremua delako.
Donostia Kultura 21 kultur ekipamenduk osatzen dute, lau auzotan banatuak. Bi SA biltzen ditu barnean, Victoria Eugenia eta San Telmo. Eta DKmusika, DKantzerkia, DKzinema eta DK festak arloak kudeatzen ditu. Ia-ia ezer ez. Horixe enpresa erakunde publikoa den Donostia Kulturaren osaketa. «Ia dena zenbakitan neurtzeko ohitura izan duen erakundea da gurea», egiten du hasperen Almirallek. Azaltzeko zaila den egitura erraldoitik ibilbidea, beraz.
Eta hau gertatzen da, hainbeste urtez kultura kapitalizatzeko gogo itsuz ibili ostean, instituzionalizazio erabatekoa, sormen espazioak antzu bihurtzerainokoa.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa
Kultura, guda eremua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu