Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Kuba

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Kosta zait Aste Santutik bueltan oinak lurrean jartzea. Kuban egon naiz bi astez oporretan, eta aitortuko dizuet: musikari batentzat bizitzen geratzeko moduko lekua iruditu zait. Hilabeterako joan izan banintz, agian, ez zenuten gaurkoan nire berririk izango.

Kuba erritmoaren sinonimoa da. Hasteko, une oro eta edozein lekutan musika entzuten delako kalean. Bazoaz Habanatik paseatzen, eta, taberna ugaritan, musika latinoa egiten duten taldeak ikus daitezke jotzen, eta ez nolanahikoak gainera. Harrituta geratu naiz musikari guztiek duten mailarekin. Musika bizi egiten dute. Herri guztietan dago Musikaren etxea deitzen den leku bat, non astelehenetik igandera bitartean, egunero, gauero-gauero kontzertuak egiten diren. Jendea hantxe egoten da, hemen pintxo potera joaten garen bezala, zerbait hartu eta tarteka dantza egiten eroen moduan. Inbidia ematen du txikitatik aldakak mugitzeko duten gaitasunak.

Horrez gain, beti dago aitzakiaren bat parrandarako. Bazoaz astearte buruzuri batean gaueko ordu txikitan kale ilun batetik, eta ondoko etxeko egongelan sekulako festa dago antolatuta. Begira zaudela ohartu, eta berehala gonbidatzen zaituzte etxe barrutik jaira. «Etorri, etorri barrura».

Jai girorako grina horretatik, bizitza umorez hartzeko joera eta eguneroko erritmo pausatu horretatik asko dugula ikasteko iruditzen zait. Pentsa lehendabiziko egunean eurak baino ibilkera azkarragoa geneukala ohartu ginen kaletik genbiltzala. Hango tempoa osasuntsuagoa delakoan nago.

Gure kasuan, joan ginen pixkanaka hango erritmora egokitzen. Kubatarrekin hartu-eman handia izateak eta hainbat parranda egiteak asko lagundu zigun. Horietako bat izan zen Aberri Egunean antolatu zuten euskaldunen jaialdia. Kubatarren eta euskaldunen artean, 250 lagunetik gora elkartu ginen. Han entzun ahal izan genituen Oscar Sanchez abeslaria eta Duo Jade emakumez osatutako bikote alaia. Bi horiek Euskal Herrian izanak dira jotzen. Bidaiako oroimina sartzen zaidanean, horiek aditzen hasten naiz orain nostalgia arintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.