Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Kritikaren beharraz

2012ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Nahiko nuke Euskal Herriko taldeek argitaratutako diskoen kritikak biltzen dituen hemeroteka bat egotea. Disko bati egin zaizkion kritika guztiak toki berean bilduta edukitzea. Aspaldikoak, oraingoak. Vulpesen Me gusta zer una zorra / Inkisición-ek, Duten At-ek, Lisabören Ezarian-ek bere sasoian ze iritzi piztu zituzten irakurtzea, eta orain dugun ikuspegiarekin alderatzea. Gaur egungo disko bakoitzaren zenbait kritika bata bestearen ostean irakurri ahal izatea. Kritikariarekin haserretzea, kritikariarekin ados egotea.

Arazoa da gaur egun behintzat ez dela diskoen —edo kontzertuen— kritika gehiegirik egiten gurean. Eta ez da izango kritikari eta kazetari onik ez dagoelako. Baina Entzun urtean behin argitaratzen da. Izu Giroa-k bere erritmoa du. Mondosonoro-n eta Gaztezulo-n diskoen kritika bakoitzerako espazioa laburregia da. Egunkarietan eta blogetan oso gutxi dira diskoen kritikarako tarteak. Gainera, kontuan hartu behar da argitaratzen diren kritika guztiak ez direla hemengo taldeenak. Eta beharrezkoa ikusten dut hemengo taldeen diskoen kritikak egitea. Taldeak egindako lanak merezi du diskoak adi entzun eta iritzia zintzotasunez emango duten pertsonak egotea, komentario hutsean geratu gabe. Kritika gutxi egiten badira, hitz onak baino ez ditugu entzuten; oro har, nork gustuko izan duenaz idazten du, eta ezin dugu jakin kritikatu gabe geratutakoak txarrak diren edo oharkabean pasatu diren.

Kritika beharrezkoa da. Musikari buruzko eztabaida sortzeko, diskoen balioaz eztabaidatzeko, ikuspuntu ezberdinak erkatzeko. Euskal Herrian dagoen diskoen ekoizpen ikaragarrian, promoziorako hainbeste bitarteko ez dituzten talde eta diskoetxe txikiek egindako lan onei behar duten lekua emateko. Merkatuak agin ez dezan. Hemendik urte batzuetara egungo diskoei buruzko iritziak irakurtzeko. Disko batzuen handitasuna edo txikitasuna erlatibizatzeko, kritika ezberdinei begiratuta. Musikaren gaineko ikuspegi kritikoa eraikitzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.