Duela pare bat aste nire zutabea agertu zen Hirudia-n, Jar dezagun zita. Horrelako kolaborazioek ohi duten legez, hemen ez dago zuzeneko konturik; alegia, ostiraletan bidaltzen ditugu artikuluak erredakziora. Horixe izan zen bezperan zendutako Txillardegiren aipamenik ez egitearen arrazoia.
Oraingo, ordea, gauza asko esan eta idatzi dira berari buruz, eta egia aitortu behar badut, txikiegi sentitzen naiz Txillardegi ahotan hartzeko. Hortaz, zuen baimenarekin, heriotzak sortzen duen isiltasunarekin utziko dut agurra, zailegi baitzait gaiari buruz aritzea. Zapiainek zioen bezala, «Txillardegi heriotzaren oinazea bere gordinean adierazten ahalegindu da eleberrietan zein saiakeretan, gizakiok geure buruari asmatzen dizkiogun kontsolagarriak erantzirik. Hauxe da, beraz, unerik desegokiena Txillardegiri traizio eginik heriotzaren ikaragarria baretzen ahalegintzeko» (Markos Zapiain, Agur gordin bat).
Asko aldatu da euskal literatura Txillardegik, Ramon Saizarbitoriarekin batera, literatura modernorako jauzia ahalbidetu zuenetik. Euskal literaturaren esparruan, 70 eta 80eko hamarkadetan merkatuak eta instituzioek ez zeukaten gaur egun duten eragin-ahalmena idazleak sistemaren erdian kokatzeko edo periferiara baztertzeko. Garai hartan, irakurleek eta gainontzeko idazleek ematen zioten sona idazleari, eta beraz, idazlea sistemaren erdigunean kokatuko bazen, ezinbestekoa zitzaion irakurlearen nahiz berdinkideen oniritzia jasotzea. Gaur egun, ordea, idazleari sona ematen dioten faktoreen artean instituzioak (sarien eta eskolaren bidez), prentsa eta merkatua nagusitzen dira. Baina baita politika ere. Eta, hain zuzen, erdiguneratzen diren idazleak ez dira izan ohi sistemarekiko —eta boterearen diskurtsoarekiko— «iraultzaile» (Pierre Bourdieuren zentzuan).
Horrek guztiak ekarri du nazio askapenarekin lotutako literatura «literatura militante» izendatzea, literatura hori desprestigiatzeko ahaleginean, eta aldi berean, boterearen ideologiarekin bat egin dutenen ahotsa diskurtso neutro gisa azaldu nahi izatea. Ildo horrekiko jarrera kritikoagoa duten idazleei, berriz, entzungor egiten zaie, edo sona handiko idazleen kasuan, beren lanaren karga ideologikoa ezkutatzen saiatzen dira. Ikusi besterik ez dago Joseba Sarrionandiaren kasua; idazleak berak azpimarratu behar izan du bere lanaren karga politikoa: «Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten, neure defentsan bezala. BainaMoroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira. Ez kaleko edo prentsako ohiko eztabaiden terminoetan beharbada, baina, sarrera historikoaren ondoren, batez ere azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira» (Euskadi Literatura Sarien banaketara igorritako testua).
Aldiz, une honetan nagusi den diskurtso eta epai politikoak bere egiten dituen egileak onespena lortzen du idazleak sistemaren erdigunean kokatzeko gaitasuna duten eragileengandik, eta hari eskaintzen zaizkio hedabide eta instituzioen bozgorailuak. Horrela, errealitate desitxuratua iristen zaio irakurleari, monokromoa eta homogeneoa. Baina, Iban Zalduak dioen bezala, literaturari berezkoa zaio kontakizun bakar bat ez izatea. Izan ere, «hemen ez dago memoria bakar bat [...] eta ezin da kontakizun bat eta bakarra eta ofiziala izan. Memoria diferenteak daude. Literaturak, igual, memoria kolektibo hori lantzen lagundu dezake» (Izaro Arroita in Iñigo Astiz, Hitzen gatazka, BERRIA 2011-12-21).
Literatura. Hirudia
Kontakizunaren polikromia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu