Izeko, kontadazu ipuin bat» eskatu dit lau urteko ilobak, aldamenean jarrita, eskuak kokots pean, adi-adi. Irribarrez begiratu diot, eta oroimenaren zokoetan bilatzeari ekin diot gurasoek eta aitona-amonek txikitan geuri kontatu zizkigutenak. «Bazen behin…» hasi naiz. Eta isilune baten ostean, «…Txanogorritxo izeneko neskato bat» jarraitu dut, etsita, haurren ipuin klasikoetatik hiruzpalau baino ezin gogoratuta. «Beste bat, izeko!» moztu dit muturra okertuz, zerbait atsegin ez duenetan egin ohi duen moduan. Bere eskaerari erantzuteko prest, jaiki eta apalategira jo dut ipuin-liburu baten bila. «Ez irakurri, izeko; kontatu!». Haren kexuaren aurrean, ipuin bat asmatzera behartuta ikusi dut neure burua. Ipuin moduko hura kalabazan nolabait sartu eta gure herriko plazan, arrastaka eta uzkur atera denean, hasperen egin dut, eta ilobaren begirada sinesgogorrarekin egin dut topo. Ez dirudi ipuin horrek askorik iradoki dionik. Ohartu naiz ahaztu egin ditudala txikitan entzundakoak, lamiei orrazia lapurtzen zien mutikoarena, zazpi antxumeena, Gauekorena... Baina ez naiz horiek ahaztu dituen bakarra.
Etxeko apalak liburuz bete ditugun abiadura berean galdu dugu ahozko ondarea transmititzeko ohitura. Eta ondare hori berreskuratzeko ahalegina egiten dugunean, gehien-gehienetan, idatzitakoa irakurtzera jotzen dugu. Ez gara ohartzen kontatzeko ekintzak berak duen garrantziaz; umeen aurpegietara begiratu eta beren deboziozko interesa ikusi ahal izatea, beraiekin irudimenezko mundu hori konpartitzea, edo lekuan lekuko «Antzina seguruan…» bezalako formulak irakastea. Izan ere, ahozko ekoizpenak baditu oso berezi egiten dituen ezaugarriak, haurra (eta heldua) hitzetan biltzeko gaitasuna; ahotsarekin, begiradarekin, isiluneekin… jokatuz, entzulea istorioaren barru-barrura eramateko.
Haur-eskoletan ere (ez dakit guztietan izango den horrela, baina bai askotan) urtebeteko umeei irakurri egiten zaizkie ipuinak, irakurri ahala, liburua erakutsi, eta haien arreta irudietara eta hizkietara erakarriz. Ez al genieke, lantzean behin, mundu horretako irudiak sortzeko aukera beraiei eman behar? Zergatik saiatu dena eginda ematen?
Egia da azken ikerketek iradokitzen dutela ikasleak erraztasun handiagoa izango duela idazten eta irakurtzen ikasteko, baldin eta txikitatik baditu esperientziak idatzizko hizkuntzarekin, eta esperientzia horiek kalitatezkoak badira. Baina horrek ez luke ordezkatu behar ahozko literaturarekiko esperientzia.
Bestalde, hausnartu egin behar genuke haurrei irakurtzen diegunaz. Izan ere, Juan Kruz Igerabidek ibilbide interesgarria proposatu digu haur literaturaren inguruan. Egileak aldarrikatzen du literatura, gizakiaren sorreran, bizirauteari oso loturik zegoela. Hori dela eta, tradizioak gorde dituen ipuinak ez dira gozatze hutserako sortuak: erne egoten ikasteko, bizitzak dituen arriskuez jabetzeko, eta beste hainbat jokabide barneratzeko tresnak dira tradizioko ipuinak.
Halaxe dio, adibidez, zazpi antxumeen ipuinari buruz: «Psikologoek ikusten dute nolabait otso horrek adieraz lezakeela errealitatea, mundua, oraindik ere ezin duzuna zeureganatu. Hor misterio bat dago, beldurra ematen duen misterio bat, eta ezin duzu zeureganatu amaren laguntzarik gabe. Eta amaren laguntzarik gabe irekitzen badiozu misterio horri atea, jan egingo zaitu. Umeak mezu filosofiko hori ulertzen du ipuinaren bidez».
Beraz, herri tradizioek gorde dituzten ipuinek mezu sakonak transmititzen dizkiete haurrei, eta Igerabideren esanetan, mezu sakondun ipuin horiek dira, hain zuzen ere, umeak behin eta berriz errepikatzeko eskatzen dituenak.
«Garazi, entzun nahi al duzu zazpi antxumeen istorioa?»
Literatura. Hirudia
Kontadazu ipuin bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu