Irune Berro Urrizelki.
Durangoko Azoka. Aiert Goenagaren kargugabetzea. Analisia

Konprenitzeko zinez zaila

2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Durangoko 47. Azoka berezia izan zen oso. Azoka osatzen duten gune guztietako arduradunek aurkeztu zuten egitaraua, elkarrekin, hainbat afixarekin 47. Durangoko Azoka leloa osatuz, azoka bakar bat irudikatuz, eta garrantzitsuagoa dena, azoka bakar bat gauzatuz. Aspaldiko tirabirei gaina hartu ondotik, elkarlanean pentsaturiko eta prestaturiko azoka zela nabarmendu zuten, eta hala zela agerikoa zen, lehendabiziko aldiz elkartu baitziren ekitaldi berberean Plateruenako arduraduna eta azokako zuzendaria. Ahotsenekoa eta Saguganbarakoa. Irudienekoa eta Eszenatokikoa. Kultur gonbidatuko ordezkaria eta Azoka Telebistako zuzendaria. Kabia gunekoa eta areto nagusikoa.

Euskal kulturgintzako eragileen hausnarketekin Gerediaga elkarteak ondutako plangintza estrategikoa gauzatzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen Aiert Goenagak azokako zuzendari izendatu zutenean, 2011ko abenduan. Eta hasieratik ekin zion zereginari, azoka auzolanean diseinatzeari eta antolatzeari. Ordura arte, azokaren parte izandako baina inoiz halako aitorpenik jaso gabeko eragileak bildu zituen mahai batean, plangintzan jasotako elkarlanaren irizpideari segika. Horren emaitza izan zen 47. azoka, askoren artean elikatutako eta adostutako aurreneko azoka. Horregatik, ulertzeko zailak dira oso Goenagaren kargugabetzea arrazoitzeko Gerediagak emaniko argudioak. «Azoka ez da sekula izan, ezta izango ere, inoren proiektu pertsonala» esan du elkarteak. Baina, hain zuzen, inoizko eragile gehien bildu zituen Goenagak azokaren antolakuntzan. Orobat, azokaren norabideari eutsiko diola esan du Gerediagak. Alabaina, konprenitzeko zaila da Goenagak abian jarritako kudeaketa ereduari segida eman nahi izatea, haren sustatzaile nagusia kargutik egotzi ondoren. Benetan zaila da Gerediagaren argudioak entelegatzea, ulertzeko erraza ez den bezala elkarteak zortzi ordu behar izatea duela aste bi harturiko erabaki baten ingurukoak esplikatzeko oharra kaleratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.