ANALISIA
Konplexutasuna
Askotariko lanak ikusi ahal izan dira Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean, beraz, era guztietako proposamenez gozatzeko aukera eduki dute bai generoaren zale amorratuek, baita zinemazaleek ere. Anno eta Higuchiren Shin Godzilla-k harridura eragin du, izan ere, efektu bereziei eta ikusgarritasunari lehentasuna eman beharrean Mendebaldeko demokrazien konplexutasuna islatzea du xede. Politikaren alorrean, eta salbuespen egoeretan, nola ez, edozein erabaki hartzeko agente eta erakunde desberdinen konpromisoa beharrezkoa dela frogatzen du. Proposamen ausarta eta ezohikoa denik ezin uka, hortaz. Gizon eta emakumeen arteko botere harremanak zintzotasunez islatu dituzte Pet (Carles Torrens) eta Haritz Zubillagaren El ataúd de cristal lan bikainek. Pet-en gizajo bakarti bat da protagonista, arazo larriak baititu bere inguruko pertsonekin harreman egokiak edukitzeko. Bere institutu berera joan zen emakume batekin obsesionatuta dago, eta badirudi Wylerren The Collector ospetsuan bezala neskaren askatasuna mugatuz lortu nahi duela bere maitasuna. Animalia bat bailitzan kaiola batean sartuko du. Baina gauzak ez dira diruditen bezalakoak, eta emakumezkoa ez da biktima babesgabea, eta beraz, gizajoarekin jolas egingo du. El ataúd de cristal-en ere emakume indartsu eta azkarra da protagonista, eta kasu honetan, limusina batean harrapatuta aurkitzen da. Desabantaila egoeran egon arren, ez da kikiltzen, eta inoren laguntzarik gabe aurre egiten dio erasotzaileari. Tradizionalki gizonei zuzendutako generoetan emakumeen papera irrigarria izan da, baina badirudi azken urteetan joera aldatzen ari dela. Mad Max: Fury Road (2015) akzio film interesgarrian, esaterako,Charlize Theron eta Tom Hardyk elkarrekin parez pare borroka egin zuten, hau da, ez zen genero berezitasunik azpimarratzen; gizonezko heroia eta emakumezko objektua dikotomia ezbaian ipintzera ausartu zen Miller. Konplexutasunaz gain, zintzotasun osoz bizitzaren inguruko irakaspen mamitsuak ere partekatu dizkigute zenbaitek. Roberto San Sebastianen La noche del virgen higuingarriak ohartarazten digu norbanakoak bere buruan konfiantzarik ez duenean erabaki desegokiak hartzen direla, eta hortaz, pazientzia ezinbestekoa dela, gauzek bere denbora eskatzen dutelako. Edonola ere,entretenimendu hutsaren ordezkari bat aipatzekotan Yeon Sang-ho-ren Train to Busan ikusgarria eta bizia aipatu behar da. Zonbien generoaren barnean, orain arteko onenetarikoa dela esango nuke. Konbentzionala den arren, harrapatu egiten zaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu