Etxetik ikusi behar izan nuen Villabonako saioa. Ez zen nahi nuena, baina hartara, behintzat, probatu ahal izango nuen streaming-aren bitartez nola bizi duen zaleak bertso saio bat.
Piztu nuen ordenagailua, piztu nuen router-a, sartu nintzen bertsoa.com-en, klikatu nuen leihoa. Lehenengo irudi etenetan ikusi ahal izan nuen jendea bere burua haizatzen, berotuta. Garagardo bat hartu nuen hozkailutik. Ondoren, nire lineak konexioa galdu zuen. Ai ama.
Hasierako agurrak galdu nituen, eta zortziko handiko lehen bertsoak. Fredi eta Ikerren lanarekin berreskuratu nuen konexioa. Ondo ari zirela ematen zuen. Handik aurrera, konexioa, errealizazioa, dena ondo… gauza bat izan ezik. Izan ere, elementu batek huts egiten baitzuen konexioa betea izan zedin. Neu nintzen elementu hori. Ez nuen konektatzea lortu.
Oso kartel erakargarria zen Villabonakoa, sei bertsolariek erakutsia dute plazan —lekuko nauzue— kanporaketak gainditu eta finalaurrekoetan aritzeko gaitasuna. Uste dut igandean Jon Martinek soilik izan zuela saio osoari eusteko hauspoa, oso erregular aritu baitzen, distira une batzuekin, kartzelan adibidez —bide batez, azken «putakume» hori nola epaitu behar da betaurreko moreetatik begiratuz?—.
Niri neuri Alaia gustatu zitzaidan igandean gehien, bakarkako lanera arte behintzat. Hor uste dut ez zuela asmatu ideia konplexu bat bertsoetara ekartzerakoan.
Nerea Elustondo bertsolari bikaina da, baina kontzentrazio arazo bat edo beste tarteko, ez ninduen ase, puntu erantzunetan eta kartzelan izan ezik. Oso egokia izan zen bigarren bertsoko galderari hirugarrenean eman zion erantzuna.
Odei Barrosok —nola gogorarazten didan bere kantaerak Amets Arzallusena!— hamarreko txikian eta kartzelan jo zuen goia, baina bertsoaldi akasgabe bat falta izan zitzaion nire aburuz. Oso polita kartzelan atera zuen neurri-doinua.
Bizkaiko finala altxarazi zuen Fredi Paia indartsu hura faltan bota nuen igandean —nola desfondatu zen kartzelan!—.
Iker Zubeldia ikaragarri gustatzen zaidan bertsolaria da; gainera, hasieran zeukan txispa eta zirtorako joera eskergarriari teknika eta betelan landuagoa gehitu dio azken urteotan. Hala ere, oraindik epai-irizpideek zigortzen dituzten zenbait joera ditu. Irizpideak aldatzen ez badira, berak findu beharko ditu alderdiok. Gainera, poto egin zuen. Ez dago epaileei ezer egozterik.
Gaiak txukunak iruditu zitzaizkidan oro har, agian zenbait puntu epelegiak izan ziren bertsolariak zartako batez erantzun ahal izateko, bertso eskolei eta zinemaldiari buruzkoak, kasu. Kartzelako gai ireki —irekiegi— horiei buruz, nahikoa esan dut lehenago ere. Baina nire iritzia da, eta kitto.
Inpresio horiek izan nituen igandeko saioa entzutean. Ez ninduen ase.
Txapelketa Nagusiak dimentsio handia hartu du. Gaur egun, lehenengo kanporaketari eskatzen diogu duela hamabost urte finalaurre bati eskatzen genion maila, tentsio, gozamena…Uste dut bertsozaleok (denok? batzuok?) lasaitu eta txapelketaz, batez ere, gozatu egin behar dugula.
Ea datozen saioetarako nire buruko router-ak konexio egokia atxikitzen duen.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia
Konexio arazoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu