IRITZIA

Koldo Mitxelenak ehun urte?

2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Koldo Mitxelenak 1953 aldera Aranzadi Elkarteko zaletuen aurrean bere burua aurkeztu behar eta hizkuntzalari gisa agertu zitzaien, artean haientzat eta gainerako euskaltzaleentzat ere ia ezezagun zen jakintza berriaz mintzatzera deitu zutenean. II. Mundu Gerra ondoko egoera hitsaz bezainbatean, euskalaritzaren iraganaz, lorpen zenbait, hainbat hutsune eta sakoneko morrontzak argi eta ausart aipatu zizkien Koldok, oraindik ere irakurtzea merezi duen hitzaldian.

50 eta 60etako hamarkadetan egindako enkarguetan ere —literaturaren historiazko liburu baten sarreran, edo hizkuntzaren batasunerako oinarrizko txostenean—, desenkusatu beharra sentitzen zuen beste alor bateko langile arrotz gisa (hoberik ez antza) horretan jardunagatik.

Bere doktorego tesiaren bigarren argitalpenari jarritako eranskinean —maltzurkeria eta harrotasun punttu batekin, baina arrazoi osoz— hizkuntzen historia modu zientifikoan lehenbizikoz egiteko ehun urte lehenago sortu gramatiko gazte haien oinordeko berantiartzat. Izan ere, haren tesi bikaina askazi horretakoa dugu: bere helburua, eskura zitezkeen lekukotasun esanguratsuak oro eta teoria linguistiko hoberena oinarri hartuaz, aitzineuskara berreraikitzea. Egiteko hau ez zen euskararen egoera orbangabearen edertasunaren gozamen betierekorako —egun bada, dirudienez, horrelako usteketarik duen hizkuntzalariren bat— baizik eta diakronisten helburu nagusia bete ahal izateko; hots, aitzinhizkuntzatik historikoki lekukotutako, edozein garai eta tokitako euskararen bilakabidea (haren hotsen, gramatikaren eta lexikoarena) berreraiki ahal izateko.

80etan, Orotariko Euskal Hiztegia izango zenaren prestalanetan murgildua zenean «linguistika utzi eta filologiara bihurtua» (makurtua?) zela ere aitortu zuen. Haatik, Martinet bezalako mutanteren bat kenduaz (deizioa Mitxelenarena da, badaezpada ere) benetako linguistika diakronikoa —hots, unean-uneko jolas nominalistetara mugatzen ez dena— eta filologia ezinbestean loturik dira azken bi mendeetan, eta ez bide dateke zati batean hori aldatzeko arrazoirik.

Fonética histórica vasca eta horren sokakoak eta baita Sobre el pasado de la lengua ere, ez soilik Historia de la literatura eta Fuentes del diccionario de Azkue (sic), pentsaezinak ziratekeen 1950eko lehen lanetarik erakutsi zuen Refranes y Sentencias, Oihenarten errefrauak, Leizarragaren obra, Axularrena, Lizarragarena, Peru Abarka… eta gainerako lekukotasun ezagunen nahiz askozaz ezezagunagoen inguruan erakutsi maisutasunik gabe. Areago dena, artean argitaragabe zen Landucciren 1562ko Bocabularioa eusqueraz-i hitzaurre gisa jarritako ikerketa bikainak —hor erakutsi zuen (Lazarraga agertu baino mende erdi lehenago) Bonaparteren garairako euskara galdutako Gasteizko dialekto bereziari zegokiola funtsean— ez du pareko askorik euskal filologia eta dialektologia historikoan, eta ez soilik 50eko hamarkadan. Berak egin ez balu zeinek presta zezakeen Textos arcaicos vascos ere?

Kuttunena zuen ikerlerroan haren bi obra nagusiak Fonética histórica eta Sobre el pasado dira, hil ondoren argitaratzen hasi eta ia bi hamarkada beranduago amaitu zen Orotariko-tik berari dagokiona txikia izan ez arren. Horiek edo Las antiguas consonantes-ek beren jomuga iritsi zutela fruituetarik dakusagu (Lengua común y dialectos vascos-ek ez hainbeste, agian): ia 60 urte geroago, haren sistema darabilgu gehienbat eta gainerako tradizioetan legez, hark ondu 1.400-1.500 etimologiek (istorio eta historiek) euskal linguistika diakronikoa sostengatzen jarraitzen dute, enparatuetako tradizioetan gertatzen omen den legez.

Bada euskalaritzan behar adina aipatua ikusten ez dudan eta horien eta enparatuen zimentarri den bat, Lenguas y protolenguas liburuxka bikaina, alegia. Nago hau ulertu gabe —«ezin esan liteke zerbait irakurri duzula hirutan irakurri gabe; irakurri diot, ez ulertu» dakar Erdiaroko testu batek— ez dela Koldoren obraren muinaz jabetzerik. Hor dira jokoaren arauak —Saussure ondoko alorreko maisuek ezarriak eta Mitxelenak bere eta hainbat tradiziotako ikertzaileen jardunean bilduak—, eta baita ahaidedunen (berraraiketa konparatua) zein gabeen (barne berreraiketa) azterketarako lanabesak.

Euskaltzaleentzat ez dakit, baina euskalarientzat eta hizkuntzaren ikerketaz artatuentzat jakingarri gerta liteke azken urteotan munduan barrena belaunaldi berriei hizkuntza isolatuen azterketa diakronikoa irakasterakoan —gureaz landa horrelako ia 150 badira, maila ezberdinetako aitzinhizkuntzez landa— euskararen kasua dela, hain zuzen, adibide ohiko eta ezagunena, Mitxelenaren lanari eskerrak, jakina.

Baliteke, bada, gure artean ere Mitxelenak (bere berbak erabiliaz) noizbait «klasiko izateari» utzi eta aipatua baino irakurriago izatera iristea; hitz hasierako bokalismoaren edo bukaerako kontsonante taldeen edertasunarekin asebetetzen ez direnek (¡?) uko egingo ote diote iaz 50 urte bete ondoren ere gaurkotasun osoa —eta idazkera paregabea— gorde duen euskararen historiazko sarrera zoragarriari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.