Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Koldarra al naiz?

2024ko abenduaren 1a
05:00
Entzun

Kanonaren gainean esan daiteke ipurdiei buruz esaten den gauza bera: bakoitzak daukala berea. Halere, nahikoa kontsentsu badago literaturaren top zerrendako lehen postuetan William Shakespeare delako bat sartzeko. Batzuk, ez bakarrik zerrendan, kokatzen dute zentroan, Harold Bloom burrunbatsuak, kasurako. Literatur sistema okzidentala shakespearezentrikoa dela defendatzeraino: garai guztietako antzerkigile gorena litzateke, mendebaldeko hizkuntza guztietako idazle gailena, Dante, Chaucer, Cervantes, Montaigneren gainetik (Harold, bro, ez pasa). Hamlet antzezlana genuke, gainera, Sofokles, Eskilo, Euripidesen ondoren idatzi den lehen tragedia handia.

Hamlet, beraz, gaizo Hamlet: aita hil diote, osabak, zer eta amarekin lotu eta Danimarkako koroa eskuratzeko. Noski, hori ez daki, osaba dela hiltzaile alegia, aitaren mamua ageri eta dena kontatzen dion arte. Justizia unibertsalik ez oraindik, mendekua da hurrengo pausoa. Baina osabarekikoak egin eta aitaren heriotza mendekatzeko daukan aukera oro geroratzen du, gure Axular maitea gogoan. Zentzu horretan, prokastrinazioaren eredu izan daiteke (ez segur aski gailur, nola gainditu Prousten Denbora galduaren bila). Baina zergatik? Zer dela eta ez du bururatzen tragedia batean ordura arte hain senzil zen mendekua? Ez baita ezer berezirik gertatzen gauza ez dadin. Hortxe hasten zaigu hankatxoa erakusten modernitatean hain garrantzitsua izango den zera bat: kontzientzia.

Zer dela eta ez du bururatzen tragedia batean ordura arte hain senzil zen mendekua? Ez baita ezer berezirik gertatzen gauza ez dadin. Hortxe hasten zaigu hankatxoa erakusten modernitatean hain garrantzitsua izango den zera bat: kontzientzia.

Hau da, pentsatzeak ez dio Hamleti uzten ekiten. Zalantzak ditu: zer da hobeki, jakin, eta ezin ezer egin, edo jakituria gutxietsi, eta mendekua gauzatu ahal izan. Jakitea dateke, ondorioz, jakitatea, mehatxatzen gaituen arriskurik handiena. «Koldarra al naiz?», galdetzen du, galdetzen dio bere buruari, antzezlana betetzen, eta goratzen duten bakarrizketa gogoangarri horietako batean. Kontzientziak egiten gaitu guztiok koldar, erantzungo genioke, eta ekintzarako ezgauza. Hitzen bidez husten du barrena Hamletek, ez odolez. Horregatik bakarrik gomenda genezake gurean antzerki lan honen irakurketa.

Beste elementu bat hemen, gaurko hitzekin esateko: buru osasuna. Erotu da Hamlet, edo erotu dela dirudi. Motiboak balituzke. Aitaren heriotzagatik? Nor ez litzateke. Aitaren mamua ikusteagatik? Zuhurrena ere okertuko luke. Ofeliarekiko maitasunagatik? Ez genuke lehena: «penak datozenean, ez datoz bakarkako barrandari,/ osteka baizik». Gauza da erokeriak egiten hasten zaigula, tragediaren erdian, une irriemangarriak utziz. Irakurleak, ordea, jakin badaki: «aurrerantzean menturaz otuko baitzait/ komeni zaidala zelebrearena egitea». Hamletek antzeztu egiten du bere erotasuna, mendekua burura eramateko helburuarekin. Antzezpenaren barruko antzezpena, beraz. Ez bakarra, halako batean antzerki talde bat iritsiko baita gortera, eta antzeztuko du Hamleten aginduz, o, sorpresa, Danimarkako errege-hilketaren antzeko zerbait. Antzezpenaren barruko antzezpenaren barruko antzezpena, beraz. Maila ugariko antzezpena. Antzezpen totala. Edo Shakespearek berak beste lan batean, As you like it komedian, esan zuen bezala: mundu osoa da eszenatoki bat, gizon eta emakume guztiak jokalari hutsak. Idazle ingelesaren obraren funtsa ederki laburbiltzen digu.

Mundu osoa da eszenatoki, horra, eta obra guztiek daukate bukaera bat. Gure gaizo Hamletena, nola ez, tragedia bati dagokion bezala, tragikoki bukatzen da: istripuz edo, Ofeliaren aita du hiltzen, eta honen semeak, Laertes, mendekua du galdatzen. Orduantxe pasatzen da Hamlet mendekatzaile izatetik mendeku hartzaile izatera. Eta orduantxe katigatzen dira, kasu spoiler-a, ordura arte gertatu ez diren guztiak eta gehiago. Ekinaldi bakarrean ezagutuko dute heriotza Laertesek, gaizo Hamletek, amak, eta, noski, osaba usurpatzaileak: «Tori, daniar errege intzestutsu, hiltzaile, kondenatua». Fini.

(ID_17325363652115) (/EZEZAGUNA)
Laurence Olivierrek zuzendu eta antzeztutako Hamlet filmaren (1948) fotograma bat.

Hamlet da Shakespearek idatzi zuen lanik luzeena, eta zailenetarikoa, eta halere oso da popularra; oroi «Izan, ala ez izan: horra hor auzia» akiduraraino errepikatua (baten bat harrituko da burezurrak behin bakarrik, eta ez justu eszena horretan, agertzen direla konturatzean). Irakurri gabe ere, gehienok, gutxi-asko, ezagun ditugun literatura lan horietako bat. Eta esplikatzen diguna ere, azken buruan, guztiontzat da aski ezaguna. Obra guztia baita, hasieran gertaerak azaltzen direnetik, bukaeran mendekua hala moduz gauzatzen den arte, denboraren dilatazio bat, sarrera planteamenduaren eta azken ekinaldiaren arteko luzamendu bat, bukaera aurreikusgarri horretara iritsi arteko bide, itxaronaldi, blablabla luze bat (200 orrialdetik goiti euskarazko bertsioan). Guztiok ezagutzen dugun bukaerari ezin zaiola izkin egin gogoratzen duen lan bat. Atzeratze betiereko batekin amesten dugu. Ezinezkoa da, ordea. Iritsi behar dena iritsiko da. Kontu bakarra da jakitea nola. Eta interesgarriena: bidean zer, prefosta.

'Hamlet'

Idazlea: William Shakespeare. Generoa: Antzerkia. Euskaratzailea: Juan Garzia Garmendia. Argitaldaria: Elkar, Urrezko Biblioteka. Urtea: 2012.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.