Iparraldean antzerki amateurra da bertarako antzerkiaren bizkarrezurra, eta Mattin Irigoien dugu gorputza ematen dioten izenetako bat Amikuze aldean. Nafarroa Behereko iparraldetik datorkigu Mattin, artoaren eremua eta ardiaren eremuak bereizten dituen definizioarekin; «artoaren eremua, iparralderen dagoena, modernitatearekin loturikoa dugu, frantsesa, Biarnok jandakoa ia; eta ardiaren eremua, tradizioa, euskalduna». Galtzen ari den mundua geureganatu eta plazara eraman beharraz aritu da, euskarak toki publikoa izan dezan. Hegoaldean erdaratik ekarritako antzezlanak gehiago diren honetan, iparraldean antzerki amateurretik mundu bat irekitzen du euskarak. 1982an hasi zen antzerkian Irigoien, eta laborantzako jardunarekin eta ikastolen aldeko mugimenduarekin uztartu du zeregina. 1997tik 2001era, Amikuzeko ikastolaren aldeko borrokan sartu zen, «ikastola berri bat ukaiteko borroka bat eraman dugu, ez dugu soilik gure menditik oihu egin, besteen mendira joan ginen, jende horrekin igurtzitzea lortu genuen». 2004an, Kitzikazank antzerki taldea sortu zuen, eta bertako gazteekin lanean dihardu egun ere. «Ikasleek ez zekiten deus beraien gurasoen euskal munduaz… ikastolatik kanpo ez baitzen deus, ez zen beste bizirik euskaraz». Egun, adibidez, ikastola eta Kitzikazank antzerki taldeaz gain, badute gaztetxea, badute gau eskola, joaldun elkartea… «Amikuzeko euskalgintza koordinatzen hasi da, ez baikinen gurutzatzen; beraz, belaunaldiak ere gurutzatu dira». Libertimendu eta tobera egile ere bada Irigoien, ikuspegi kritiko batetik ondutakoak betiere, trufa eta ziria bietan osagai. Zuberoan maskaradak egiten diren moduan, Nafarroa Beherean libertimenduak egiten dituzte inauteri sasoia iristean, Antton Lukuk berrinterpretatu duen formatua, urte luzez galduta egon ondoren.
Misiolarien lanaz mintzo da, Elizak euskaratik erlijiora bihurtzeko ahalegina egin zuen «euskaldun fededun» horrekin, euskaratik konbertitu, alegia. Baina misioetan ibiltze hori beste alor batera ere eraman du, «misio lanetan ibiltze horrek dakar ez lantzea gure artekoa», marxistak biharkoari begira omen daude, bere esanetan «borroka armatuak ere bihar elkar maitatzea desio du, egun gatazkan biziz. Hor dago paradigma aldaketa, niretzat, gaur eginen dugu biharkoa». Arrangura gehiegi unibertsitateko agertokitik.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa
Kitzikatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu