Kim Gordonen Girl in a Band (Taldeko neska) liburua irakurtzen ari naiz, eta ezin dut Kim burutik kendu.
Bere azkeneko diskoarekin hasi zen guztia: The Collective. Abesti baten bideoklipa atera zuen: Bye Bye kantuarena. Abestiak, izenburuak aurkezten duen moduan, neska baten ihesaldia deskribatzen du, edo, hobeto esanda, ihesaldi horretarako behar dituen eguneroko objektuen zerrenda, besterik gabe. Bideoan, neska bat azaltzen da ihes egiten, objektu horiek lapurtzen denda batetik… neska gazte bat da, Kim Gordonen antz handia duena —ez da izango, haren alaba da—, bere amarekin auto batean batzen da, eta berriro korrika alde egiten du. The End. Bye Bye.
Hori entzun eta ikusi eta gero, hip-hop-trap-elektronika indartsuak asko erakarri ninduen, eta baita Kim Gordonen ahotsak eta aurpegiak ere. Bere adina googleatu nuen; 71 urte. ZER?
Biolinak entzuten ditut oraindik nire tripetan. Instagramen jarraitu, eta liburua enkargatu nuen. «Horrela sentituko dira mutilak etengabe musikari batez ari direnean, haien janzkera, mugimenduak, musika imitatuz», pentsatu nuen. Nire lehenengo crush-erreferente guztiz eroa izango ote?
Gainera, orain arte ezagutzen nuen, baina bere adinak eta bere adin horrekin egindako azken diskoak harrapatu nau horrela. Agian, etorkizuna argitu didalako; 71 urteko emakume bat izatea desiragarria dela sentiarazi didalako, emakumeontzat zahartzaroa izeneko amildegi horren aurrean, beste aukera posible batzuk badaudela gorpuztu duelako. Bera hor dago, eszenatoki batean, gauza interesgarriak, ausartak, generoagatik harengandik espero ez ditugun jarrerak izaten; besterik gabe, subjektu bat izaten. Hori bai ona.
Artearen alde ona da existitzen ez den mundu bat sortu dezakezula. Aintzat hartuta gizartean oraindik ez dugula emakumea gizaki unibertsal gisa ulertzen eta «bestea» balitz bezala asimilatzen dugula, Kim Gordonen zuzeneko bat ikusi, eta arazo hori ez da existitzen.
Bere bideoklip baten azpian, iruzkin batek zera dio: «A, ze garai zoragarria bizirik egoteko». Eta badakigu mila aldetatik begiratuta hori ez dela horrela. Baina agian, zentzu sakon batzuetan, hala da; hala sentitzen da, behintzat.