'World Press Photo'
Non: Montehermoso kulturunean, Gasteizen. Noiz arte: Azaroaren 17ra arte.
Argazkiek uneak kristaltzen dituzte, haiek dira denboraren burbuilak, eta, askotan, badirudi une zehatz horien existentziari eusten diotela. Gaur egun, irudiak barra-barra daude gure inguruan; horiek bihurtzen dira, hein batean, gure bizitzaren historia islatzen duten ikusizko kapituluak, kontakizun isilak. Eta agerikoa da: irudiek egungo gertakari sozial, politiko eta kulturalen arrastoa uzten dute, oraingoaren ziurtagiriak balira bezala. Diskurtsoek moldekatzen dituzten kontakizunak alde batera eta bestera hedatzen dira; irudiek, berriz, maiz erakusten dute pitzadurak daudela, egiaren hesiak ez direla hain sendoak.
Hari horretatik tiraka dator World Press Photo erakusketa, Gasteizko Montehermoso kulturuneko Ur Biltegian, bere bisitariak munduaren erraietan murgiltzen dituena. Erakusketa ibiltaria da hau, eta munduko hainbat espaziotan hartzen du lekua. Bada, ingelesezko tituluak igortzen duen eran, mostraren ardatza fotokazetaritza da, eta haren kutsu estetiko zein narratiboa ikusarazi nahi dio ikusleari.
Bertan dauden argazkiak lehiaketa masibo baten ondoren hautatutakoak dira —6.000 partaide baino gehiago izan dira—. Erakusketak hogeita hamar argazkilariren begiradek harrapatutako 140 irudi biltzen ditu. Eta, nahiz eta formatu eta sail ugaritakoak izan, erakusketako argazkiek munduko bazterretan gertatzen diren gatazka sozialak hartzen dituzte beren muinean.
Esaterako, erakusketa espazioan barneratzen zarenean, irudimena aktibatu eta beste nonbait bidaiatzen duzula sentitzeko arriskua duzu. Izan ere, irudien kalitatea eta ebokaziorako gaitasuna agerikoa da. Bidaia horren ostean, arrisku hori egia bihurtzen da; irudi horiek, zenbaitetan onirikoegiak edo krudelegiak diruditen arren, errealak baitira. Alegia, kamerek kristaldutako momentuak egunerokotasunaren parte izan dira nonbait.
Agerikoa da egunerokotasun horiek erakusketa ikustera gerturatzen diren pertsonen errealitatetik urruntzen direla. Eta, nolabait, distantzia horrek sentimendu arraro bat sortzen dit; izan ere, herrialde gehienetako irudiak Hego Globalean kokatzen dira: Mexiko, Tunisia, Palestina, Txile, Afganistan... Bitartean, erakusketak gehienbat Ipar Globaleko herrialdeetan hartzen du lekua. Zentzu horretan, bi sentimendu kontrajarri nahasteko arriskua dugu piezen aurrean kokatzen garenean: enpatia edo errukia, eta aldi berean, distantzia edo espazio horiekiko loturarik eza.
Hain zuzen ere, horrek erakusketaren kritikotasun maila baretu dezake, gure errealitatetik at kokatutako bestelakoak izango balira bezala; gure testuinguruek beste errealitate horietan eraginik izango ez balute bezala. Horregatik dira hain garrantzitsuak komisarioen mediazioa eta irudiei lotzen dizkieten diskurtsoak, ikuslearen hausnarketa bideratzen baitute.
Irudiz eta errealitatez beteriko espazio horretan, kolonialismoarekiko kritikotasuna bideratzeko nahia sumatzen da. Hala ere, horren mugak agerian geratzen dira palestinar genozidioari buruzko irudiek leku hartzen duten unean. Egun jarraitzen duen sarraskiari erreferentzia egiten dioten testuek «Israelen eta Hamasen arteko gatazka» esaldia erabiltzen baitute horri erreferentzia egiteko.
Ezinegona areagotzen da, gainera, argazki lehiaketako irabazlea Mohammed Salem dela kontuan hartzen badugu. Gazan jaiotako argazkilariak bere ilobaren hilotza besarkatzen duen emakume baten irudia kristaldu zuen, eta irudi hori da Gasteizko erakusketa ixteko hautatu dutena. Irudiak dagoeneko geure iruditeria kolektiboaren parte den figura krudel bat aurkezten digu; baina diskurtsoak, berriz ere, harengandik urruntzen gaitu. Urruntze horretan eroso, irudiaz gupidatzen dira batzuk, gure testuingurua prozesu kolonial eta genozida horren partaide dela ezkutatuz. Ez gaitezen gehiegi kezkatu...