Haizea Barcenilla
Begiz

Keinuak eta akzioak

2024ko martxoaren 26a
05:10
Entzun

Joan den larunbatean ordubetez itzali zituzten munduko monumentu askoren argiak, aldaketa klimatikoaren inguruan kontzientziak pizteko. Planetaren Ordua deitzen da ekimena, eta 2007an hasi zen ospatzen, Sydneyn; ordutik mundu osora zabaldu da, eta telebistako kate guztietan harro erakutsi zuten nola itzaltzen ziren Bartzelonako Familia Sakratuko, Erromako Koliseoko edo Bilboko Arriaga antzokiko argiak. Ekimenaren bultzatzaileek beraiek keinutzat jotzen dute egitasmoa, onartzen dute urteko ordu batek ez duela gure planetaren egoera konponduko, baina egoeraren inguruan pentsarazi nahi dute, hori delako (haien hitzetan) aldaketarako lehen pausoa.

Ez nago keinuen kontra; ados nago keinuek indar handia izan dezaketela, gogoetak piztu ditzaketela, gai baten inguruan larritzen den jende atomizatuaren artean komunitate sentsazioa sor dezaketela. Baina keinuek ezin dute betirako iraun. Urtero-urtero errepikatzen diren keinuek akzioak bultzatzera eramaten ez badute, izan dezaketen indar guztia galtzen dute eta, are gehiago, akzioak ez burutzeko aitzakia eder bihur daitezke. Monumentuen argiztatzearena eredu zoragarria da: urtean behin ordubetez argiak itzaltzea eta ekologista konprometituaren domina zintzilikatzea oso erraza da, eta, ondorioz, gero eta gehiago dira ekimenera gehitu diren erakundeak. Baina horietako zenbatek hartu dute argiztapen-politikei buruzko gogoeta sakonagoa egin eta aldaketa nabariak aplikatzeko erabakia?

Ondarearen mantentzea ez da beti jasangarria izaten. Artelanak, adibidez, tenperatura eta hezetasun maila antzekoan mantendu behar dira narriatu ez daitezen, aldaketa handirik gabe; horrek, noski, energia behar du. Erakusketa handiak ere ez dira oso ekologikoak izaten: lanak garraiatu behar dira, askotan kutsatzen duten materialetan bilduak. Izan ere, jasangarritasuna da azken boladan ICOM museoen nazioarteko elkarteak zein ondarearen inguruko beste erakunde batzuek lehenetsi duten gaia, esparru horretan badagoelako hobetzeko tartea.

Monumentuen argiztatzearena, aldiz, ez da sekula aipatzen, bere arrazoia ez delako kulturala, turistikoa baizik. Eta turismoa da erlijio berria, batez ere ondare aipagarria dagoen lekuetan: dogma onartu egiten da, galderarik egin gabe. Ez litzateke hain neurri zoroa monumentuak astean behin bakarrik gauez argitzea, esaterako; edo neguan bakarrik, argi ordu gutxiago denean, edo ilundu ostean ordubetez soilik. Edo hiriko monumenturik nabariena argitzea (Eiffel dorrea, adibidez) baina ez besteak. Edo pentsatzea monumentu horiek eraiki zirenean ez zegoela gaueko argiztapenik, eta euren esentzia originalean (ilunpetan) ikustea gauez.

Baina horiek akzioak dira, eta keinuak askoz merkeagoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.