Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Katea

2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Europa iparraldeko mito bat jaso zuen Snorri Sturluson islandiarrak XII. mendean, Gleipnir izeneko kate baten ingurukoa. Hari mehe bat bezalakoa omen zen, baina metalezko ohiko kate guztiak apurtzen zituen otso bat harrapatzeko asmoz sortu zuten, eta material bereziz egina zegoen: katu baten pausoaren soinua, emakume baten bizarra, mendi baten sustraiak, hartz baten arantzak, arrain baten arnasa eta txori baten listua. Kontakizunak dakarrenez, ondo bete zuen azkenean otsoa lotzeko lana, eta animalia harekin konparaketa eginez, S¿ren Kierkegaardek —bera ere Europa iparraldekoa izaki— hala zioen: «Ni ere kate batek harrapatuta nago; ilusio ilunez, amets itogarriz, pentsamendu kezkagarriz, irudipen urduriz, larritasun zentzugabez egindakoa». Ikus daitekeenez, gauzarik materiagabeenak ziren otsoa eta Kierkegaard kateatzen zituztenak, eta ez zurrunenak. Chantal Maillardek La compasión difícil-en (Galaxia Gutenberg, 2019) aitatzen duelako izan dut honen guztiaren berri, nik zuzenean Sturlusonen edo Kierkegaarden irakurketarik egin gabe, eta Maillarden hitzetara ere joko dut artikulu honen amaiera aldera.

Arreta eman zidan material zerrenda berezi horrek, eta nire buruari galdetzen diot ba ote duten sinbolismo zehatzik, edo, besterik gabe, norbaiten edo norbaitzuen —duela milaren bat urtekoen— imajinazio apetatsutik datozen. Osagaiak asmatzen hasita, Gleipnir katearenak izan ote zitezkeen, adibidez, karakolaren mukia, goizeko ihintza, txoriaren hegal kolpea eta izokinaren jauziko ur zipriztina? Ordukoak geurekiko hain ezberdinak izango ez zirela pentsatu nahirik aurkitzen dut nire burua, eta XXI. mende honetan bada material zerrendari garrantzia ematen dion artistarik. Baita material ezinezko edo asmatuekin lan egin izan duenik ere, obraren inguruan fantasiazko narrazio bat sortuz. Leif Elggren datorkit gogora, adibidez, Stockholmekoa —Europa iparraldeko beste bat—.

Hala aurkeztu zuen 2002ko Extraction soinu-lana: «Soinu hau nire ama biologikoaren umetoki barruan grabatua izan zen, oraindik guztiz garatu gabeko hortz bat grabagailu sinple eta oinarrizko modura erabiliz, jaio baino egun batzuk lehentxeago. Azken haginean grabatuta eta ezkutatuta egon da material hori, baina kanporantza atera dugu berriki». Digitalki masterizatu eta disko konpaktu batean argitaratu ere bai ondoren. Horrela aurkeztu izan du lan hori, eta, jolasa are gehiago txirikordatzeko, diskoa entzun beharrik ez dagoela dio gainera —ez du umorerik falta—: «Egiaztatu soinua bozgorailuetatik ateratzen dela, eta alde egizu gelatik». Desobeditu egin nuen nik; entzun egin nuen, eta oso lan gozagarria da. Beregan ohikoak diren soinuzko ehundura organikoak topatu nituen bertan, aldi berean etengabe aldakorrak eta egonkorrak, eta elektrizitate estatikoaren zaratak dirudi soinu iturri nagusia. Emakume baten ahotsa ere ageri da amaieran, eta bere ama dela pentsatu nuen. Gero, umetokian benetan zer entzungo genuen imajinatzen saiatu nintzen, presentzia handia baitu hor soinuak. Ez dugu begirik irekitzen jaio arte, baina aurretik hasten gara entzuten; bai haurdunaldiaren azken asteetan bederen: amaren ahotsa, haren arnasketa, bihotz taupadak, gorputzeko gainontzeko soinuak eta kanpokoak ere entzuten ditugu.

Ideien kateaketari bidea libre utzita, honek pentsatzera narama umetokitik bertatik antzematen omen duela umekiak amaren egoera animikoa eta kanpoko giroa nolakoak diren. Uste dut denok entzun-irakurri izan dugula noizbait, ona omen dela haurdunaldian musika lasaigarria jartzea, adibidez, eragina omen duelako, baina ez diot garrantzi gehiegi ere eman nahi jaio aurreko aldi horri. Kateatzen jarraituta, honakoa datorkit burura: atxikimenduaren teoriaren arabera, garrantzitsuak direla haurtzaroko lehen hilabete eta urteetako bizipenak, eta hortik letozkeela pertsonak gerora izango dituen joeren oinarriak: harremanak izateko moduak, bizitzarekiko ikuskera, autoestimu mota, emozioak maneiatzeko gaitasunak, eta abar. Gaiarekiko jakin-mina duen norbaiten neurrian dakarkit hau, eta bizitzan zeharreko beste esperientziei pisurik kendu nahi izan gabe.

Kierkegaardek bezala, denok ditugu gutxi-asko ilusio ilunak, amets itogarriak, pentsamendu kezkagarriak, irudipen urduriak eta larritasun zentzugabeak. Edo horrela deskribatzeko modukoak izango ez badira ere, esan dezagun denok ditugula edo izan ditugula maneiatzeko eta aldatzeko errazak ez diren jokaera errepikakor batzuk, arazotsuak izan daitezkeenak kasu batzuetan. Gertatzen zaiguna kontziente egitea izan daiteke konponbidean jartzeko modua, nolabait grabatuta dagoen hori argitara atereaz. Aditzen badiogu Chantal Maillardi, «ez da demokrazia posiblerik, beren burua gobernatzeko gai diren gizabanakoek eginda ez bada», eta «bere gogoaren nolakotasunak ezagutzen ez dituen inor ez da bere burua gobernatzeko gai». Komeni da norbere katea ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.