Iban Zaldua.
ELEFANTEEN ZIMITERIOA

Kate Bushen hiru disko

2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Badakit: ez da aho guztiendako elikagaia, eta nire hiru diskoen saila honela berpiztea, are gehiago rockaren heriotza gero eta gertakari nabarmenagoa delarik, ez da ziurrenik egin nezakeen mugimendurik inteligenteena. Gainera, EZ dut aukeratuko zein eta azken aldi honetan fama itzuli dion The Hounds Of Love albuma (1985), Netflixeko Stranger Things telesaileko laugarren denboraldiak belaunaldi berriei deskubriarazi diena kantaria, Running Up That Hill abestiaren bitartez hain zuzen (44 urteko karreraren ostean lehenengoz iritsi da Estatu Batuetan zerrenden lehenengo postura... 2022an!). Baina Kate Bush (Bexleyhead, 1958) nire betiko idoloetako bat da, eta ez zait horren okerra iruditzen honela hastea, artista eszentriko samar batekin... edo hori uste nuen nik, behintzat, Britainia Handian jarraigo zabala (eta nahikoa transbertsala) biltzen duelako (gurean Benito Lertxundi batek edo Espainian Raphael batek elkartu dezaketenaren gisakoa), han izan naizenetan konprobatu ahal izan dudan bezala, harridura pixka batez. Dena delako ezohikoa Bushengan: arrakasta goiztiarra, ahots haluzinagarria, menderatzen dituen diziplinen aniztasuna, bere karreraren gainean aurki lortu zuen kontrol osoa, zuzeneko espektakulurako dauzkan dohain teatralak (eta zuzenean jotzeko erakutsi duen gogogabetasun historikoa: bi kontzertu-sail baino ez ditu eskaini, bata 1979an, eta bestea 2014an), estudioko grabaketetan bilatzen duen perfekzionismoa, isilaldi luzeak. Argitaratu dituen disko (ofizial) guztietatik (hamalau: hamar estudioko, bi zuzeneko, bi konpilazio), hona nire hiru kutunak.

 

'The Kick Inside'

EMI, 1978



Ez baita oso normala, ezta gutxiago ere, EMI bezalako diskoetxe (garai batean) ahalguztidunarekin kontratu bat sinatzea 17 urte eskas dituzula. Egia da (glups) Pink Floydeko David Gilmourrekin grabatu zuela horretara eraman zuen maketa (Bush familiak, oso musikala, kontaktu onak zeuzkan mundutxoan), baina diskoetxearen talentu-ehiztariek zer edo zer sumatu izan ez balute, nekez egingo zuen aurrera kontuak: izan ere 1975ean grabatutako kanta haietako bik, The Man With The Child In His Eyes (gero single bihurtu zena) eta The Saxophone Song-ek, elepean amaitu zuten. Baina Bush zuhurra zen, eta, kontratua eskuan izanda ere, bi urteko tartea hartu zuen gainontzeko abestien grabaketari ekiteko: bere formazio musikala eta dramatikoa (Lindsay Kempekin, adibidez) osatu nahi zuen lehenago. Eta baita lortu ere: 1978ko urtarrilean, Wuthering Heights bere estreinako singlearekin zuzenean igo zen Erresuma Batuko zerrenden lehen postura; aurreneko aldia zen emakumezko batek konposatutako eta interpretatutako kanta batek halakorik lortzen zuela. Hit guztiz estrainioa: Emily Brönteren Gailur ekaiztsuak-en istorio ezin erromantikoagoa, erregistro ezin altuagoan eta (bideorako) koreografia ezin fantasiazkoagoarekin interpretatuta. Elepearen gainontzekoa antzeko bidetik doa: maitasuna (asko) eta estrabagantzia (ez gutxi), pianoak gidatutako melodiekin. Bitxikeria bat punka eztanda egiten ari zen aro betean. Agian hori da, bururatzen zait, gakoetako bat: punkaren punka izan zen, nolabait.

'Never for Ever'

EMI, 1980



Lehenengo diskoa, ekarri zuen guztiagatik, saihestezina zen zerrenda honetan, baina hau, Bushen hirugarrena, arrazoi pertsonalagoengatik ekartzen dut hona: nik honekin egin nuen artistaren ezagutza, institutuan nenbilela, eta seko errendituta utzi ninduen. Musikalki konplexuagoa da: nabaritzen da Bush Fairlight CMIarekin jolasten hasi dela, sintetizadore bat bere hurrengo bi diskoetan, The Dreaming eta The Hounds Of Love arrakastatsuan are protagonismo handiagoa izango duena; ez dezagun ahaztu synth-poparen hastapenetan geundela, eta Bush, estilo horretatik urrun ibilita ere, Zeitgeist-aren haizeek nondik jotzen zuten sumatzen jakin zuela... Ze, izan ere, abeslariak erbitzat saltzen digu katua: funtsean rock progresiboko disko bat zena (estiloren batean kokatzekotan, hor sartu beharko genukeelako), pop gisa pasarazi zigun, rock progresiboa (edo sinfonikoa, hemen ezagutzen zen bezala) erabat desprestigiatuta zegoen une batean (jokaldi bikaina). Bushek berak produzitu zuen diskoa, gainera, Jon Kellyrekin batera: hurrengotik aurrera bera izango da produktore bakarra (beste bitxikeria bat, garai hartako emakumezko artisten artean). Diskoa ederra da, neurrigabekeriara osoro emana, ipuin bilduma (fantastiko) on bat bezain askotarikoa, eta zaila zait kantaren bat azpimarratzea. Babooshka singlea, noski (beste pantasia bat, errusiazalea kasu honetan), Breathing (zientzia fikzio apokaliptikoa) eta, nire faboritoa, Army Dreamers minimalista (eta antimilitarista). Amets gozo eta gehiegizko bat, bai horixe.

'50 Words For Snow'

Fish People, 2011



Eta, ondoren, lau estudioko disko, arrakasta otxenteroa, laprastada txiki bat (1993ko The Red Shoes, Princerekiko gehiegizko maitasuna isurtzen zuena, arriskutsua izan ohi dena Prince ez bazara, eta baita Prince izanda ere, maiz), eta isiltasuna: ez zuen beste disko bat argitaratuko 2005era arte (Aerial), nahiko ustekabean pasatu zena. Bitarte horretan, amatasuna, karrera-hiltzaile ohikoegi hori, eta, zein britainiarra, erretiroa cottage batera. Baina 2011n itzulera harrigarria egin zuen: aurreko bi diskoetako kanta batzuk birgrabatu zituen The Director's Cut izenekoan, eta kanta berrien beste bat eman zuen argitara, elurraren inguruko lan (nolabait) kontzeptual hau (beste keinu bat progresiboari, gai bakarreko albumen horren zalea...). Pianoak berriro hartzen du protagonismoa kanta luzeotan (ez dago ia zazpi minututik jaisten denik), baina bere karreraren hastapenetan baino sotilezia handiagoarekin, jazzaren mundura hurbilduz maiz (beren azken etapan Scott Walkerrek edo David Bowiek egin zuten eran, aldeak alde). Ahotsarekin ez du hasieran bezain muturrera jotzen, sakonera egiten du, baina hemen ere jakinduria handiagoarekin ari da Bush, bere baliabideak ederki administratzen daki. Disko lasaia da, amestia, tristea, baina neurriz. Lehenengo hiru kantak (Snowflake, Lake Tahoe eta Misty) marabilla bat dira, baina batekin geratzekotan, diskoari titulua ematen diona, zeinetan Stephen Fry aktoreak errezitatzen baititu, Bushek kantatu bitartean, inuiteraren mito hartatik abiatuta, balizko 50 elur-moten izenak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.