Xabier Erkizia.
Bi ahotsetara

Katarsia

2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Pedro de Leon jesuitak heriotza zigorrera kondenatutako presoak konfesatzeko ardura zuen Sevillako kartzelan, XVI. mendearen hasieran. Bere kroniketan irakur liteke zertan pasatzen zituzten presoek bizi-esperantzarik gabeko bizitzako azken egunak. Harrigarria da denbora-pasetako bat antzerkia egitea zela irakurtzea. Eta harrigarriagoa zer antzezten zuten ikustea: hiriburu andaluziarreko presondegian kondenatuek euren heriotza antzezten zuten, hartarako urrats guziekin: epaiketa prozesua, urkamendu eta guzti. Are gehiago, apezak kontatzen du gertatu izan zela noiz edo noiz antzezlanean hainbeste murgildu, eta urkamendua irudikatzeko orduan, oreka galdu, aulkitik erori eta aktore presoren bat hiltzea, nahi gabe.

Katarsi hitzak grezieran du jatorria. Definizioz, purifikazioa, garbiketa erran nahi du. Aristotelesek tragediaren kontzeptua azaltzeko asmatu zuen hitza, antzerkiak ikusleengan zuen eragin askatzailea deskribatzeko hitz egokiaren bila. Ikusleek barruan gordetzen dituzten sentipen eta emozio ezkorrak —garai bateko txamanek izpiritu txarrak deitzen zituzten horiek— kanporatzeko ariketari deitu zion katarsi. Azken finean, errepresentazio sinbolikoak gure barrenak astintzeko zuen —eta oraindik duen— indarrari izena eman nahi izan zion.

Musikak, adibidez, beti izan du gure aldarteak, pentsamenduak, emozioak nahiz sentimenduak ukitu, hankaz gora jarri, indartu, baretu eta urratzeko ahalmena. Musika katartikoa da, nahitaez. Erremediorik gabe, buruz buru gurutzatzen gaitu. Heriotzak preso daukan kondenatua gurutzatzen duen bezala. Eta argi dago, simulazioak, fikzionatzeak, antzezpenak eta errepresentazioak errealitatearen garraztasunaren gainetik salto egiteko balio dezakeela. Katarsi grekoari jarraituz, belarriak eta barrenak astintzeko tresna izan daitekeela. Baina arrazoi berengatik, alderantzizko efektua ere eragin dezake. Gurea bezalako errealitate fikzionatu batean, katarsia amaierarik gabeko inauteri batean bizitzeko aitzakia izan daiteke. Ustekabean aulkia irristatzeko arriskuarekin bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.