'lurrez estali'
Ez dut Latsaga gazteluan egunotan antzezten dutenaren argumentua xehe-xehe kontatu nahi. Ez dizuet spoiler-ik eskainiko. Nago elementu eszenografikoek sortzen duten harridura guztiz onuragarria dela eta horrek ikusleei gogoan alaitasun pinportak pizten dizkiela. Ez dizuet nik aurkikuntzaren plazera zapuztuko.
Horregatik, eskuorriaz baliatuko naiz bi zertzelada emateko. Bi esaldi kopiatuko dizkizuet bertatik; antzezlanaren muina zertan datzan deskribatzen dutenak, hain zuzen ere. Honatx:«Ehorzketa bat, Baxenafarreko herrixka batean, uda da. (...) Laborarien herena txirotasunak harrapatzen du eta bi egunero nekazari batek bere buruaz beste egiten du». Horrela, Lurrez estali-n laborantzaren itoaldiaz mintzo zaizkigu, laborari familia bateko pertsonaien bitartez.
Afera da Izuran gaudela eta nekazarien pentzeetan altxatzen dela gaztelua. Eta Gurutzaden garaiko gotorlekua zen hura —egun baserria dena— zalditegi moduko bat bilakatu dela eta nahiko eroria dirudiela. Gauzak horrela, ikusleak berehala ulertzen du eraikina beste pertsonaia bat bilakatu dutela Axut-ekoek. Aditu sofistikatuek esango lukete Lurrez estali obra specific site performace-a dela, baina, nik, berriz, tokian tokiko antzezlan herrikoia dela esango nuke. Eta kontua da antzerkiak asko duela erritualetik eta komunitatea sortzetik, eta bi funtzio horiek guztiz ondo betetzen dituela piezak, laborarien arazoez mintzo baita, non eta laborarien geografian, eta horregatik dugu herrikoia, engaiatua eta tontakeriarik gabekoa. Baina baita jakinduria teatralez blaitua ere.
Zoriontzeko modukoak dira aktore guztiak, zoriontzeko modukoak argien dispositiboa, soinuaren diseinua eta musikaren hautaketa. Zoriontzeko modukoak gu, euri jasaren erdiko antzezpena ez zaigulako sekula ahaztuko
Zoriontzeko modukoak dira aktore guztiak, zoriontzeko modukoak argien dispositiboaren originaltasuna, soinuaren diseinua eta musikaren hautaketa. Zoriontzeko modukoak gu, aterpetuta geunden ikusleok, euri jasaren erdiko antzezpena ez zaigulako sekula ahaztuko. Arrasten ari zela, tximistek zerua koloreztatzen zuten aldika, ur zaparradaren zarata aktoreen ahotsekin txirikordatzearekin batera, konposizioen fotogenia areagotzen zen urari esker. Antzerkiak asko du errepikaezintasunetik, eta jakitun ginen gure emanaldia berezia izan zela; horregatik txaloak eszenen erdian, horregatik kantari gu ere, teatro zeremonian.
Axuten DNAn dauden kontatzeko manerak barneratuta daude Lurrez estali-n. Ikusle honek Errautsak du gogoan, eta hildako haren omenaldia oraingokoari aitortza bihurtu zaigula ulertu du. Gainera, Izurako Xantretegia etxeko lagunek honela azaldu digute: antzezlaneko karroza hildakoak kanposantura eramateko erabiltzen zen herrian. Antzezlaneko protagonistaren zerraldoa hor paratu dute, auzokoen heriotzan nola.
Hurrengo egunean antzezlanari buruzko oroimenak etorri zaizkigu burura behin eta berriro, itsasargien argien antzera. Ezin gogoratzeari utzi. Errautsak-eko kaxarranka hura, Lurrezestali-ko karroza hau. Biba zuek!