Une jakin batzuetan, zaila izaten da aio esatea. Noiz arte? Noiz elkartuko gara berriro? 36ko gerran Ingalaterrara bidali zituzten lau mila haurren agurra ez zen samurra izan. Haur haietako gehienak itzuli egin ziren. Baina gutxi batzuk han gelditu ziren, eta haien ahotsa entzun daiteke To say goodbye lanean. Gerrako istorioak modu ezberdinetan jaso izan ditugu. Oraingoan, animazioa izan da bidea, eta, gazteei keinu bat eginez, bideojokoen pertsonaien trazak hartzen dituzte gerrako protagonistek. Artxiboko irudiak filtroekin moldatuak, argazkiak... Lan osatu bat, memoria historikoaren parte garrantzitsu bat, ahanzturan geldi ez dadin.
Istorio bat kontatzeko forma klasikoagoa du Josu Veneroren En un país imaginado dokumentalak. Jose Antonio Sistiaga artista donostiarra da lanaren protagonista bakarra. Gaur taldeko sortzaileetakoa, Txillida eta Oteizarekin batera, bere ibilbidea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Arte esperimental zinematografikoaren aitzindarietako bat izan zen Sistiaga. 1968. eta 1970. urteen artean milaka zeluloide eskuz margotu ostean, izen xelebreko film bat egin zuen: Ere erera baleibu izik subua aruaren... Aipatutako dokumentala ez dago gaizki, baina bati gogoa sartzen zaiona da margotutako film esperimentala erraldoi batean ikustekoa, demagun belodromoan. Zinemaldikoei proposamena egingo diegu, ea zer erantzuten diguten.
Eskaerak egiten hasita, Le Capital bezalako filmak egunero ikustea eskatuko genioke gure patuari. Costa-Gavrasek bankuen azpijoko munduaz egin duen erretratuak berehalakoan harrapatzen zaitu. Butakara itsatsita uzten zaitu lehen minututik azkenera arte, bidean inolako lastorik sartu gabe. Ez dakigu Urrezko Maskorra irabaziko duen —Sail Ofiziala ikusten ari diren batzuei entzun diet irabaz dezakeela —, baina datorren astean filmen bat gomendatzeko eskatzen badidate, lasai asko erantzungo dut: ikus ezazue Constantin Costa-Gavrasen Le Capital.
Donostiako 60. Zinemaldia. Basquewood
Kapitalaren gorazarrez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu