Beldurzaleok beti ibili gara eztabaida sutsuan ikara egiazkoa mamuena, banpiroena, munstroena ez dela zin egiten dutenekin, terrorea eguzkipean (eta ez, inolaz ere ez, ilunabarrean bakarrik) sortzen dela aldarrikatzen dutenekin; haien aburu akaso zentzuzkoez, hilobiaz haraindiko kreaturek ez omen da eragina baizik eta gu bezala, haragi-hezurrezko gizaki gizatiar oso direnek.
Erremediorik gabeko beldurzaleok duda izpirik ez dugu, baina. Hildakoek, auskalo zein beste mundutik etorritako izakiek, zein hilobitatik ateratako munstroek sakonago ikaratzen gaituzte. Benetan? Bai. Gu bezalakoek, haragi-hezurrez sortutako horiek, bizitza baino ezingo digute kendu (bada zerbait, ados; asko ere lurtar gehienentzat). Alta, maiz, sarriegi, ez izenik ez izanik duten kreatura haiek zertara kondenatuko gaituzten ez dakigu. Inork bizi (edo), bizi nahi ez duen bizitza eternal batera? Odolez elikatzera betikotz? Eguzkiaren sorrera berriro ez ikustera? Horiexek sarraski berdaderoak, gure irudiko, eta ez horren erraz galtzen den bizitzaren amaia.
Zinema beti agertu da gure alde horretan. Gure izu benetakoa ederki asko ulertu du. Kontu jakina da, munduaren kezkak nolakoak, halakoak pantailak eskaintzen dituen eztigarriak, aringarriak.
Horrela, ez da batere harrigarria gutako arraroenok gehien miresten dugun generoak, terrorea, alegia, bere unerik punta-puntakoenak mundua kolokan, jokoan, arriskuan izan denean eduki izana. Beldurrezko filmek inoiz baino arrakasta handiagoa izan dute aretoaren bestaldean jendeak ezaguturiko unibertsoa desagertzear zegoelarik baino. Gerrateetan, hondamendi ekonomikoetan, langabeziak gorantz egiten zuenean Gizaki arruntak ez beraiek ez besteek ezagutzen ez zituzten alde bateko eta besteko indarrek setiaturik sentitzen zirenenean…
Ikertu du jakintsu eta ilustratu andanak joera hori. Erantzuna ez zen, ez pentsa, hain zaila; kanpoan Beldurra, Izua, Ikara (maiuskulaz) zure zain daudela, hobe zeluloidezko munstroenean aterpe aurkitzea…
Bai, honako hau 2025eko Berlinalaren inguruko hausnarketa duzue. Orduan, zergatik ari natzaizue izuzko zeluloideaz? Ez baitut kasualitate hustzat hartzen Berlinale aurtengoaren atzera begirakoa Alemanian 70eko hamarkadan egindako generoko zinema herrikoari eskainia izatea. Ezta Wild, chärg, blutig - Basa, arraro, odoltsua izendatu izana ere.
Zaila da munduan aurkitzen Berlin baino hiri politikoagorik. Zaila oso munduan gertatzen ari denaren ispilutzat ez hartzea. Zaila ez konturatzea Historia (maiuskulaz) zure ondotik pasatzen ari dela Alexanderplatzen edo Kreuzbergen edo Prenzlauer Bergen zaudela. Zaila ez antzematea nahiz eta hain sexya izan hiria pobretzen ari dela agudo. Pobre zen pasa mendeko azken urteetan, baina ilusioz betea. Orain, aldiz, ilusiorik ez da eta eskuin muturrekoek «Zuen seme-alabek guri ematen digute botoa» botatzen diete aurpegira bastante etsiturik diren ezkerrekoei. Berlin. Ukraina ez da horren urrun. Ezta Mosku ere. Berlin, Holokaustoaren, Shoa-ren mamuak zeharkatzen dituzte isilik baina agerian oso zumardiak…
Planeta osoan hiriek moldatzen dituzte zinemaldiak. Berlin ez balitz Berlin, Berlin ez bazen kokatua kokatua den lekuan, Venezia litzateke. Edo Cannes. Baina ez, Berlin Berlin da eta hor dago, ez Europako beste inon. Eta horrexegatik Berlinale 75.ak beldurrari eskaini dio atzera begirakoa. Eta horrexegatik Radu Judek esan zuen agertokian zinemak gizalegerik onartzen ez duten hiltzaileen kontra agertu behar zuela. Beti. Inkluso Kontinental 25 berea bezala, iPhone batez eta hamar egunetan filma daitekeen zinema ganberro, garratz hori ere. Gakoa ez baita tresna, ideia baizik, amorrua baizik, barruko eromen sanu-sanua baizik.
Banpiroak izan ziren Berlinalen hegan. Baina Wendersek 1987an antzeman zituen aingeruak ditu patroi hiri honek. Mundua da dardaraz eta zinema zelatan, atezuan. Euskal Herrian zinema ikasitakoak (Ernesto Martinez Bucio, Paula Tomás Marques) hara joan ziren filmak besapean. Eta erronka gainditu.
Aretoetako bestaldean elur zikina ari duenean, hobe zineman aterpe hartzea. Pantaila beti delako, Berlin bezalako hiri benetakoetan bederen, errealitatearen ispilua. Eta ispiluek, ipuinetan nola, ez dute gezurrik esaten.
Berlinale aurtengoak ez zuen esan. Aldiz, amorruz gainezka abisatu gintuen: zabiltzate atezuan Ahaztu zeluloidezko munstro maitatuez, hartu kamera eta ekin. Zoazte aretoetara eta Mickey 17, Drømmer, Evidence, Kölhn 75, El Diablo fuma, La Tour de Glace eta antzeko filmak ikusi. Baita If I Had Legs I´d Kick You edo My Undiserable Friends ere. Maite dugu gutako askok dardaraz izatea aretoetan. Dardara existentzialista denean ere bai.
