Katixa Agirre.
LAUHAZKA

Kaixo, ChatGPT

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Idatzi, mesedez, aste honetako zutabea. Gogoratu BERRIA egunkariko Kultura atalean argitaratuko dela, Lauhazka deritzon txokoan. Bai, hilaren egun horretan gaude berriro ere. Igandearekin argitaratuko da, kontuan hartu hori; jende gehiagok egunkaria irakurtzeko astia duen eguna. Zutabearen luzerak 4.500 eta 5.000 karaktere artekoa izan beharko du, ezinbesteko baldintza da hori, paperean ere argitaratuko baita, eta papera ez delako infinitua.

Edukiari buruz askatasuna ematen dizut, baina kontuan hartu gauza bi, arren. Kultur atalean joango dela batetik, eta nolabait aktualitateari lotuta egon beharko lukeela bestetik, kazetaritza genero honek eskatzen duen bezala. Lehenengo baldintza betetzen erraza delakoan nago, kultura hitzaren esanahia malgua baita, geroz eta malguagoa: berdin hitz egin dezakezu bortxaketaren kulturaz, udaletxeetako kultur teknikariez, edo tourraren abiatzeak Euskal Herriko kulturari egingo dion mesede itzelaz.

Bigarren baldintzak ere erraz betetzeko modukoa dirudi: sekulakoa da aktualitateak sortzen duen albiste, zarata, iritzi giro, hitz bero eta txutxu-mutxuen jarioa. Sare sozialen azterketa azkar batek emango dizu trending den horren berri.

Aurrera ba.

Noski, estiloaren auzia. Inportantea oso, baina ez eskuraezina. Ez zuretzako. Zutabeak Katixa Agirre egilearen estiloa imitatu beharko luke, jakina. Nire liburu guztiez gain hamaikatxo dira sarean utzi ditudan arrastoak, ardiak gorotzak nola. Beraz, ez duzu arazorik izango, prozesamendu azkar baten ostean, nire lana imitatzeko. Atera kontuak: 2003an hasi nintzen blogetan idazten, eta prentsa idatzian, 2004an. 60 euro ordaintzen zizkidaten orduan zutabe bakoitzeko. Orain gutxiago. Kazetaritzaren krisia, badakizu.

Baina horrek ez du zerikusirik estiloarekin, ez horixe. Batek idatzi behar du dakien ondoen. Tira, zuk ez. Zuk idatzi behar duzu nik dakidan ondoen. Eutsi esaldi motzei, beraz. Prosa korrektoa, baina distira berezirik gabekoa. Euskara jator eta anzestralaren ordez (arabarra da zutabea sinatuko duena, azken finean, eta B ereduan ikasitakoa gainera), EGA tituluak ematen duen zilegitasunaz ehunduta. Gazteleraren eragina ezinbestekoa izan beharko litzateke kasu honetan.

Ahaztu aurretik: ironia apur bat tarteka, mesedez. Saiatu zaitez zeure buruaz barre egiten; hori beti geratzen da ondo eta zintzotasunaren domina zintzilikatu dezakezu gero paparrean. Izan dadila publiko orokorrarentzako moduko zutabea. Igandeko kafearekin irakurtzekoa. Twitter bitartez diagonalean kontsumitzekoa. Telefonoaren pantaila txikitik xurgatzekoa. Metaforak ondo datoz, aliterazioak ere eskertuko dira, eta zer esanik ez, onomatopeiak. Baina dena neurriz, arren.

Erreferentzia kulturen bat edo beste ere sar dezakezu, ezin badiozu eutsi (sinatuko duenak ere ezin dio askotan eutsi, horregatik esaten dizut). Erreferentzia horiek beti geratzen dira ondo zeharka agertzen badira: harrapatu dezala ahal duenak, eta harrapatzen ez duenari, ez diezaiotela trabarik egin, behintzat.

Zu bezalako adimen artifizial bati orain artekoa erraza suertatu zaiolakoan, horra benetako erronka: biralitatea lortu beharko zenuke zutabe honekin. Ego laztantxo horiekin bere burua ordaindutzat hartzen du egileak. Izan dadila honakoa BERRIAko albisterik irakurriena, beraz. Bolo-bolo ibil dadila facebooken eta whatsappez whatsapp. BERRIAko webgunean norbaitek erantzunen bat jartzea lortzen baduzu, hori bai lorpena! Zuk badakizu nola egin, ezta? Tituluan dago koska nagusia. Click baiting deitzen duten horretan. Titulu on bat da jendea klikatzera bultzatzen duena. Behin egileak «Shakira» jarri zuen tituluan eta hara! Beste behin «maitasuna egin» idatzi zuen, eta harrapazank! Baina ez dadila nabaritu trikimailua. Jendearen kuriositatea diskretuki xaxatzea da kontua. Ondo pasako duten edo zerbait interesgarria ikasiko duten promesa. Edo agian ez. Zer dakit nik. Zer da jendea eta zer nahi duen. Benetan aurreikusi dezakegu jendea zerk asebetetzen duen? Azken hamar urte hauetako berri biralenen azterketa egin beharko zenuke, -ez bakarrik BERRIAko kasua aztertuta, beste bizpahiru medio orraztea ere ondo legoke eta horren arabera, joerak identifikatu. Nik ezin dut horrelakorik egin. Zuk, ordea, bai. Segundo batean, gainera. Denborarekin zutabe pertsonalizatuak idaztera ere iritsiko zara, klik egingo duen pertsona bakoitzarentzako propio eta momentuan idatzitakoak. Baina oraingoz nahikoa daukagu gustu orokorraren nahiei men egingo dien testu batekin.

Amaiera aldera, aldatu tonua eta agur kutsua eman. Elegiarik ez, agur arin sinple bat. Hauxe baita, momentuz, auskalo noiz arte, azken zutabea, argi gera dadila. Egilea nekatuta baitago. Egileak oporrak behar baititu. Bero honekin ez da atsegina orduak eta orduak ematea pantaila baten aurrean, idazten. Hemendik aurrera, lan egin dezatela makinek.

Dena ulertuta? Aurrera orduan.

Esker mila, eta beste bat arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.