Pertsonak modu askotara sailkatzen ahal dira: mendiko ala kostako; gazizale edo gozozale; opariak denboraz erosten dituztenak edo azken momentuan egiten dituztenak; akupunturaren aldekoak eta kontrakoak; jatetxeetan janaria txarra dagoela esatera ausartzen direnak eta isiltzen direnak; pedagogia berritzaileen aldekoak edo aurkakoak. Halako sailkapen bati buruz mintzatu nahiko nuke gaur, askorendako oporrak ate joka daudela probestuz.
Michel Onfray filosofoari irakurri diot gizakiak bi espezietan sailkatzen ahal direla: Abelen leinukoak eta Kainen leinukoak. Abelen leinukoak abeltzainak dira; animalien lapatxei jarraikiz ibiltzen dira, eguraldi onaren eta bazka oparoaren atzetik. Ez zaie inporta etxe finkorik ez izatea. Maite dute bidea eta mugimendua. Kainen leinukoak, aldiz, nekazariak dira. Lurra lantzea maite dute: paisaia bertsuak ikustean lasai sentitzen dira. Errutina, errepikapena eta ezaguna da haien habitata. Laket zaie lurrera ongi eutsita egotea. Abelen leinukoak ibaiaren jarioaren seme-alabak dira. Kainen leinukoak, aldiz, zuhaitzarenak.
Bada, Onfrayk dio, oporrak antolatzeko garaian, pertsona oro edo Abelen edo Kainen alderantz lerratzen dela: Abelen jarraitzaileak dira errepidera ateratzen direnak, kultura berriak ezagutu, arrotz sentitu eta abentura bilatzen dutenak. Kainen jarraitzaileek, ordea, erabakitzen dute oporretan lasai geratzea etxe inguruan, herrian-edo, betikoari beha. Nahiago dute baratzatxoan aritu, edo herriko txiringitoan lagunekin egon, herrialde exotikoetara bidaiatzea baino. Gaineratzen du kasik disposizio natural baten arabera erabakitzen dugula bateko ala besteko garen, baina nago oporrak nola igaro erabakitzeko orduan, jada gutxi dagoela disposizio naturaletik, eta are, aldatu egiten direla disposizio hauek adinaren, testuinguruaren, ekonomiaren eta beste abar askoren arabera.
Jakina da gure mendea dikotomia zurrunak eraisten iaioa dela, eta neuk ere Onfrayk planteatzen dituen bi kategoria hauek lausotu nahiko nituzke, hirugarrengo bat gehituz. Izan ere, Kain eta Abelen istorioak jarraipena du: ez dago argi zergatik, baina badirudi Jainkoak begikoago duela Abel Kain baino (nahiago ditu bidaiariak sedentarioak baino… Turismozalea ote jainkoa hasiera-hasieratik?). Kain kutunkeria horretaz jabetu eta, inbidiaz, Abel akabatzen du. Ordainetan Jainkoak Kain zigortzen du, zer eta errari ibiltzera, bake gabe bidaiatzera. Abel bezala, bidaiari bihurtuko da, baina oso modu bestelakoan: bideaz gozatzeko aukerarik gabe, kondena bihurtuko da bidea harentzat.
Eta sentsazioa dut egun uste baino zabalduago dagoela Kainen bidaiatzeko modu hau. Alde batetik, pertsona migrariak datozkigu burura. Ezin ukatu horiek direla egungo kaindarrak, alderrai dabiltzanak bizitokia aurkitu ezinean. Hala ere, gaurkoan beste norbaitengan jarri nahiko nuke arreta. Izan ere, badirudi, gizarteko sektore batzuetan behintzat, bidaiatzearena kondena bihurtu dela, edo, hitza fuerte xamarra bada, agindu bihurtu dela, eginbeharreko, estatus soziala mantentzeko lana. Iñigo Martinezen Mandamentu hipermodernoak datozkit burura. «Bidaiatu ezazu!» Lehen istantean, arrarotzat joko genuke Albaniara edo Balira behartuta goazela esatea. Baina bada inertzia bat, uste dut, gure borondatetik at dagoena, zeinaren arabera balio eskala batean askoz estima hobean ikusten dugun bidaiatzea —urrutira bada, hobe— ez bidaiatzea baino. Sedentarismoak lotsatuko bagintu bezala. Nik behin baino gehiagotan asmatu dut, opor egunak gerturatzen zirenean eta lankideek galdera egitean, atseden egunak kanpoan igaroko nituela! Larridura punttu bat inposatu da bidaiatzeko garaian: angustia, ez badiot munduari erakusten (eta are okerrago, neure buruari!) oporrak probetxuzkoak izan direla.
Badirudi, gizarteko sektore batzuetan behintzat, bidaiatzearena kondena bihurtu dela, edo, hitza fuerte xamarra bada, agindu bihurtu dela, eginbeharreko, estatus soziala mantentzeko lana.
Horregatik, Abelen arintasunetik urruti, sarritan pisutsu nabari ditut oinak bidean, ez dakit noren irizpidearen arabera aukeratzen baititut helmugak, errari nabilelako Lonely Planet-ean galduezintzat jotzen diren lekuak ez galdu nahian. Egia da batzuetan oso Abel izan naizela, beste askotan oso Kain, baina azkenaldian horixe, ura izatearen eta zuhaitz izatearen arteko dantzan nabil ezin dorpeago. Modazko turismoaren erauntsiak sustraietatik erauzi izan banindu bezala, benetan maite ote dudan ez dakidan itsaso batean alderrai.