Arantxa Iturbe.
IRITZIA

Juxtu gaurkoa al huen?

2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Gaur, Segurola? Juxtu gaurkoa al huen hiltzeko eguraldia? Eta zer egin behar diagu? Hil ondorengo hitz lehor moztaile batzuk idatzi pulpitutik? Zer, eta hire alde? Inoren eta ezeren alde jarduteko ezgaitasuna (ezintasuna, ezina) bozgoraz aitortu eta praktikatu zuen saiheslariaren alde?

Aurreneko liburua argitaratu huenean deitu genian irratirako gonbitea egiteko. Hire erantzuna izan huen «fedabideekin saturatua» hengoala. Deitzeko aurrerago. Eta guk, esaneko, deitu. Eta handik ez askora (asko pentsatu ondoren —ulertuko duk lagunentzat Ogrue denari telefonoz deitzeak berak ausardia punttu bat eskatzen diola erantzun zakarrek mintzeko adinako sentsibilitatea duen edozeini—), gure irrati tartean sermoia botatzera etorri nahiko ote huen galdetu genian. Xaxardiak maite guk. Lagunak egitea, hik. Eta irratiak horretarako aukera paregabea ematen zian. Hainbeste urtetan ez diagu inor ezagutu hamar minututan irrati-entzuleak bi ekipotan banatzeko halako gaitasuna izan duenik: segurolazaleitsuak versus segurolahorrekzerarraioustedutarrak. Hire esanek eta hire esanmoduek, biek aztoratu izan diate parrokia. Ez hituan denak agertzen, nolanahi ere. Entzule isilak ere bazeudek. Hor bazeuden «hemen nago» idazteko eskatu genienekoaz akordatzen? Waxapa izuzorabiatu huen erabat. Baina hi nola akordatuko haiz, ez bahago hemen. Gu bai, ordea. Zuztarreko tristura kosmikoak jota bada ere.

Eranskina: ordu batzuk zeramatzat hik esandakoak entzuten. Eta aditzen. Amaraunekoak berrienak: egon lasai esanda ez da inor lasaitu munduan, hildakoek ez dituzte hilerrietako kartel horiek merezi, Jabier, ez diat hire heriotza ulertzen, ulertutako heriotzak hildakoa bi aldiz hilda uzten duelako. Zenbat aldiz heriotzaz? Edo hirea jakindakoan joaten ote zaiguk belarria hartara?

Nahiko nikek hiri aditutakoak lerrootara ekartzeko hire graziaren laurdena, graxia erdipurdiko honen ordez. Imitatuko nitizkek konplizitatez hire hitz berriak, lixtoustekoarena eginez, hi bezain libre banintz, nori gustatu edo ez gustatu asko axola gabe. Partituko nikek egurra ezker-eskubi, jarriko nikek zalantzan dena, kritikatu modernokeria, artaldekeria eta motzeria (eta intelektualak, eta etimologoak eta...), ezpalkatu, sasikatu, adarkatuko nindukek hire irribarrea (bai, irrifarñoa esango duk hik, baina irribarre ere egiten huen, eta barre ere bai suelto asko, barrura gehiagotan kanpora baino) pizteagatik. Ezin leizken gauzak.

Eranskintxoa: euskalzulo horrek, ez diguk pista sanorik utzi hil haizela nola kontatu esateko. Hire sentiera, hire pentsaera zertxobait ezagututa «Segurola hil da» idatzita ikusteak zakarkeria arrazoituren bat esanaraziko dik. Gure sentipentsaerak ez ziguk uzten, ordea, hitz zehatzagoak erabiltzen. Horrekin konformatu behar, erlijio bakar konformidaderik eza zuenaz aritzeko ere.

Amaierakoa: Faltan botako ditiagu olgetan benetan hirekin egindako kontualdiak.

Bejondeiala, Segurola (errima eta guzti, xirikatzeko azken saiakera antzuan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.