Aspaldi, egunkaria irakurtzen ari nintzela, kulturako orrietan niretzat berria zen idazle bati egindako elkarrizketa irakurri nuen. Juan Karlos Merino zuen izena, eta berehala arreta piztu zidan esaldi bat irakurri nion: «Aitor Aranaren Onan liburua baino hobea izango den bat idatziko dut», zioen gutxi gorabehera.
Azpeitian bizi naizenez eta Juankar Azkoitian bizi zenez, telefonoz dei egin nion ea elkarrekin kafetxo bat hartuko genuen, Onanez eta bizitzaz hitz egiteko. Azpeitiko Loiola auzoko Xanadu kafetegian elkartu ginen. Elkarrizketa atsegina izan zen, eta lagun egin ginen. Elkarrekin kafea hartzeko ohitura hartu genuen, maiz samar eta beti arratsaldez, hura lanetik ateratzen zenean.
Luze gabe, Azkoitiko eta Azpeitiko idazleak afari batean elkartzea bururatu zitzaion, elkar ezagutzeko, eta niri ongi iruditu. Deialdia egiteaz eta jatetxea aurkitzeaz arduratu zen: gainerako idazleekin Azkoitiko taberna batean elkartuko ginen, eta handik jatetxera joango.
Inor ez zen azaldu. Eta gu zain. Eta jatetxean hamar lagunentzako mahaia zain.
Berantetsita, jatetxera biok bakarrik joatea erabaki genuen, ea idazleak hara zuzenean joan ote ziren ikustera.
Jatetxea jendez gainezka zegoen, mahai guztiak lepo, eta horma baten ondoan —ez zait inoiz ahaztuko— hamar lagunentzako mahai bat ia hutsik ikusi genuen. Hartan Fernando Morillo zegoen, orduan jadanik idazlea zena. Bertan ezagutu nuen nik Fernando.
Jatetxeko etxekoandre jatorrari gure mahaia etor zitekeen beste norbaitekin partekatzeko prest geundela esan ondoren, Juankarrek, Fernandok eta hirurok berebiziko afari atseginari ekin genion. Eta handik aurrera hiru idazle izan ginen kafea hartzeko arratsaldez elkartzen ginenak.
Fernando garai hartan literatura sari asko irabazten ari zen, eta bazeuzkan liburu batzuk argitaraturik. Juankar lehen urratsetan zebilen, ipuin ederrak idatzirik—inoiz ez dut ahaztuko Jesukristori eta Magdalenari buruz idatzi zuen ipuin zoragarria— eta haiek liburutan inprimaturik ikusten hasi ginen.
Zenbat barre egin genuen, geure buruaz batez ere, baina barre bakarrik ez: lan ere egin genuen, elkarri laguntza eman nahian. Juankarrek, esaterako, nire Ipuin lizunak eta Ipuin ilunak itzuli zituen gaztelaniara. Hiru euskal idazle gazte ginen, euskara bizi eta maite genuenak eta euskaraz gozatu eta sufritzen genuenak.
Izan ere, dena ez zen barre egitea izan. Juankarrek sen ona eta buru argia izateaz gain, bazuen idazle asko zigortzen dituen zama bat: kritikei merezi baino jaramon handiagoa egiten zien. Horiek ahaztuta, txangoak ere egin genituen, geure bikotekideekin. Araban, esaterako, Sorginetxe trikuharrian euria urrundik guregana etortzen ikusi genuen.
Hiru lagunon kafetegi kutuna Azpeitiko Urola Expres izan zen bizpahiru urtean. Gure gogoeta arinen eta sakonen lekukoa izan zen betiko txokoko mahai bera, ostiral arratsaldeetan.
Heriotzaz ere gogoeta egin genuen. Eta heriotzak Juankar goizegi eraman du. Haren oroitzapena eta idatziak geratu zaizkigu. Ez dezagun Juankar egun handia arte agurtu, hiru idazleok gure txokoan ez baikenuen uste egun handirik izaten denik inoiz.
Bizitzak Juankar ondoan jarri zigunean, lagun maite izan genuen, eta bizitzak bere bidean guregandik urrundu zuenean gogoan izan genuen. Gaur ere hala dugu, orain atsekabean. Haren ipuin onak, haren Kondoi urrunak, hura bezala, urrundik ere ez dira ahaztekoak.
IRITZIA
Juankar adiskidea gogoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu