Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Josetxo

2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Hamabi urte baino gehiago ez nituen izango garai hartan. Gorpuzti jaietara talde onak zetozela zabaldu zen herrian. Izen bitxiak zituzten: Anphetamine Discharge, Beer Mosh, Sex Museum, Cancer Moon. Kartelak begiratu, eta barre egiten genien izen haiei. Anphetamine, beer, sex. Cancer Mooni ez; hiru urte nituela lau urteko bizilaguna hil zuen minbiziak, eta gorputz osoa estutzen zitzaidan gaixotasunarekin zerikusia zuen edozer irakurtzen nuenean. Ezagunenak Sex Museum zirela esan zigutenez, jendearen elastikoetan haien izena bilatu genuen urte hartako Ibilaldian, baina Pistolsek jarraitzen zuen jendearen kamisetetako Sex bakoitza. Artean ez genekien nor ziren hainbeste kamisetatan azaltzen ziren Sex Pistols haiek.

Handik urte askotara ikusi nuen Josetxo Anitua zuzenean lehen aldiz, modu kontzientean behintzat. Kafe Antzokian izan zen, disko-jartzaile lana egiten zuen toki berean. Hainbat talderen bertsioak kantatu zituen, Atom Rhumbak lagunduta. Agertokian hainbeste transmititzen duten pertsona gutxi ikusi ditut. Gehiago hunkitu ninduen Josetxo Grietarekin lehen aldiz ikusi nuenean. Bilboko taberna batean izan zen. Mattinek anpliarekin borrokan egin, eta edalontziak botatzen zizkigun ikusleoi etengabe. Bitartean, Josetxo mikroarekin bihurritzen zen. Guk edalontziak saihesteko bakarrik kentzen genituen begiak haren mugimenduetatik, Josetxoren ahotsa zetorren tokitik.

Baina grabazioen bitartez izan dut harremanik handiena haren musikarekin: Cancer Moonen diskoak, Jugos de Otrosen zuzenekoa Salón Xanadu jotzen, Josetxo Grietaren diskoak, Le Mans eta Akauzazterekin grabatutako kolaborazioak. Disko horietan, eta talde horietatik pasatu diren pertsonen bestelako proiektuetan dago Euskal Herrian azken 25 urteetan grabatutako musikarik zirraragarrienetarikoa.

Duela lau urte hil zen, apiril amaieran. Cancer Moonetik hasi eta hariari tiraka hasteko gonbita egin nahi diot irakurleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.