Leku eta une zehatz batean idazten dugu. Idazten ari naizen hitz hauek guztiek harreman zuzena daukate jaio zein hazi naizen lekuekin, bizi izan dudan garaiarekin, naizen horrekin. Nire uste apalean, literatura ezin azter daiteke literatura horren testuinguruan pentsatu gabe, baldintza kultural eta materialak kontuan hartu gabe, ezin dugu literatura ondo baloratu; artea ez da ez hutsetik ez hutsean sortzen.
Har dezagun, adibidez, Garoa. 1907an Txomin Agirrek idatzitako eleberri bat hasi zen argitaratzen, Garoa izenekoa, aldizkari batean, atalka. Garaiko aldaketen aurrean baserritar familia bat nola moldatzen zen kontatzen zuen istorioak. Eta urte berean, Penintsulako beste txoko batean, Katalunian, katalanentzako oso garrantzitsu gertatuko zen beste nobela bat azaldu zen: L'Auca del senyor Esteve (Esteve jaunaren estanpa). Hau ere, garaiko aldaketen aurrean ahal bezala moldatzen ari zen familia baten —kasu honetan dendari familia baten— istorioa. Dendari hauen semeetako batek zer-eta artista izan nahi duela aitortzen dio familiari. Santiago Rusiñol izan zen egilea, bera ere margolaria zen, artista ofizioz... eta, batez ere, garai hartako Katalunian pertsonaia ezaguna, herrikoia.
Garoa-n eta Esteve jaunaren estanpa eleberrian gauza asko datoz bat. Eleberri oso ezagunak dira biak, eta bietan bi familia prototipiko marrazten dituzte egileek; familia horiek, berriz, bi gizon dituzte protagonista: Joanes batean, eta Esteve bestean, artzaina bata, dendaria bestea. Bi gizon horiek izango dira, harrezkero, euskaldunaren eta katalanaren irudi tipikoak.
Rusiñolen eleberrian, nire ustez, bi eleberriak ulertzeko gako bat aurki liteke. Esteve jaunaren estanpa Santiago Rusiñol bera jaiotako auzoan, Bartzelonako Ribera auzoan —gaur egun El Born izenez da ezagunagoa—, girotua dago. Eta kontua da Ribera auzo komertzial bat zela, baina ez hori bakarrik; 1714ko irailaren 11n katalanek gerra galdu zutenean, hura izan zen eszenatoki nagusia. Bi mende geroago ere, Rusiñolen garaian, ezagun zuen oraindik ere konkistaturiko lurraldea zela, eta liburuan hori argi utzi nahi izan zuen. Adibidez, Esteveren dendaren parean kuartel bat dago, eta ondoan, erretako lurra; hau da, auzoaren zati handi bat desagerrarazi ondoren eremu bihurtuta geratu zen lurra: «Ez. Parke militar hura ia ez zen paisaia bat. Haurrak joaten ziren, eta Esteve txikiak atzetik jarraitzen zien, besterik ez baitzuen egiteko, baina toki hura ezin zen izan aisialdiko leku: txoriek ihes egiten zuten, gerraren legeek ez zuten uzten zuhaitzak hazi eta itzalik izan zedin».
'Garoa'-n eta 'Esteve jaunaren estanpa' eleberrian gauza asko datoz bat. Eleberri oso ezagunak dira biak, eta bietan bi familia prototipiko marrazten dituzte egileek; familia horiek, berriz, bi gizon dituzte protagonista: Joanes batean, eta Esteve bestean, artzaina bata, dendaria bestea. Bi gizon horiek izango dira, harrezkero, euskaldunaren eta katalanaren irudi tipikoak
Paisaia haietan zuhurtzia da nagusi, ez nabarmentzea da legea. Balioetsitakoa «isiltasuna, diskrezioa, ekonomia, emozioen lehortasuna» da; hori da «bizitzan izan behar den guztia, ez penarik ez loriarik ez izateko, ez ikusia ez gaizki ikusia ez izateko, gogaitu gabe pasatzeko, egunak luzatu eta pobrea ez izateko». Ezaugarri garrantzitsu honetatik abiatuta marraztuko da, handik aurrera, katalanaren irudia tipikoa: «Serioa, moderatua, zuhurra, ordaintzaile ona eta kobratzaile ona, eta praktikoa: batez ere, oso praktikoa!».
Bai Joanesen kasuan, bai Esteverenean, euskarri nagusia familia da, eta jendearen subsistentzia lekua norbanakoaren etxea (izan ere, etxeko ateetatik haragokoan «beste batzuek» gobernatzen baitute): «Gizonak egiten du etxea, eta etxeak egiten du gizona... nahi neurtu eta zuhurrekin». Egia da Joanesen istorioan ez dela militarrik agertzen, ezta konkista zantzurik ere, baina bai, ordea, beldurrak. Bi testuetan pertsonaiak jasotako posizioan eusten saiatzen dira; bere bizitzetan urrutiegi ez joaten, marra gorririk ez pasatzen, jauzirik ez egiten... Joanesek eta Estevek ondo dakite nola mugitu behar duten beren bizien koordenatu estuetan, baina XX. mendearen hasieran etortzeko diren bizimodu berriek mehatxu berriak ere badakartzate, eta beldurtuta daude biak.
Hala ere, bi liburuek ezberdintasun handiak ere badituzte. Batez ere, ikuspuntua dute zeinek bere erakoa. Esango nuke Esteveren istorioa bere semeak kontatuko balu bezala dagoela idatzia; hau da, mundu berri hori ezagutzeko grina daukan baten ikuspuntutik. Hortaz, Esteveren irudia gutxiespen puntu batez dago idatzita. Esteveren kondaira irakurriz satira baten aurrean al gauden galde dezakegu, edota pentsatu katalanak oso finak garela geure buruari barre egiteko orduan (agian, batzuetan, gehiegi ere bai, nik uste). Joanesen historia, aldiz, baserri barrutik dago idatzita, eta, noski, ez da barre algararik aditzen. Baserri hartan aurkitzen duguna hunkiberatasuna, sentimendua eta bizitzaren eta etorkizunaren pisuaren zama larria dira. Joanesenganako gutxiespena azaldu beharrean, izango diren seme-alaba artistak ez dira oraindik jaio.
Askorako eman ahal du bi eleberrien arteko konparazioak. Hemen gauza batzuk baino ez ditut apuntatu. Laburbilduz, esan nahi nuena da bi eleberriak ezin direla ondo aztertu Europako herri menderatu baten barruan idatzita egon direla kontuan izan gabe.