Xabier Mendiguren Elizegi.
IRITZIA

Joan Mari

2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Oraintxe eman didate berria. Urteak ziren gaixo zegoela eta ez nau beraz harritu. Egun batzuk ere baziren oso larri zegoela, eta hortaz espero genuen. Baina hala ere zartada bat sortu dit albisteak. Artikuluren bat idazteko duela egun batzuk eskatu zidaten, baina ezin nintzen teklatuaren aurrean jarri hura bizirik zen artean. Idazki honetan zer esan pentsatzeari ere uko egiten nion, ez horrek gertakaria atzeratuko zuelakoan, baina bai biziaren azken hari izpi horrekiko begirunez.

Joan Marik euskal literaturari eman dionaz idatziko dute beste batzuek. Neronek ere bai agian, beste egunen batean. Baina orain Joan Mari pertsonaz idatzi nahi dut, Joan Mari lagunaz, hezur-haragizko gizonaz. Duela 35 urte ezagutu nuenetik gertu izan dut, eta, atzera begira jarrita, ez dut gogoratzen inoiz hitz txarrik, haserrerik, keinu itsusirik izan zuenik. Ez nirekin, ez beste inorekin. Bera osorik zen atsegina, bihotz onekoa, adeitsua, alaia, eta hau ez da hilondoko irudi edulkoratu bat: barruko minak bazituen, noski, baina besteentzat beti ahalegindu zen ukendu gozo bat izaten.

Irudi-anabasa dat datorkit gogora: haren buru kalpar ederra, lepoan erabili ohi zituen zapi koloretsuak, haren barrea, argitalpenen ondoko ospakizun gisa egindako mokaduak, haren etxera egindako azken bisitak, eta haietan, hitz egitea jada asko kostatzen zitzaionez, begiradaren txinparta, esku ematearen bidez transmititzen zuen laguntasuna...

Dohain harrigarriak zituen Joan Marik: egundoko futbolari ona izango zela diote horretaz dakitenek, zelai erdian txoriei begira eta hango jendetzaren zentzugabekeriaz pentsatzen geratu ez balitz; dirua ere egingo zuen ingeniari moduan, ONGak oraindik modan ez zeudenean Hego Amerikara joan ez balitz garapen proiektuetan laguntzera; baina dohain bat azpimarratzekotan, jende guztiarekiko amultsutasuna aipatuko nuke, eta adibide xume bat eman: argitaletxera bisitan etortzen zenetan, lantokiaren amaieran zegoen nire mahaia, eta nik banekien, haren ahotsa entzuten nuenetik, ia ordu laurden pasatuko zela nire parera etorri arte, ez urruti zegoelako, ezpada bideko lankide guztiekin —dela diseinu, dela produkzio, dela komunikazio, dela administrazio arlokoak— banan-banan geratzen zelako, bakoitza agurtu, hitz goxo bat esan, txantxa arin bat egin, honetaz edo hartaz galdetzeko.

Esaten dudan oro motz geratzen dela iruditzen zait, beste hainbeste kontu leudekeelako aipatzea merezi luketenak eta ahazten ditudanak. Bere horretan utziko dut baina. Joan Marirentzat bizitza mirari handi bat zen eta bizidun bakoitza mirari horren partaide. Zure begirada onbera horrek hobeak egin gaitzala, Joan Mari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.