Literaturaren inguruko azken ikerketa gehientsuenetan jendartean gertatzen den komunikazio-ekintza gisa aurkezten da literatura. Hain zuzen ere, egilearen, merkatuaren, irakurlearen eta instituzioen arteko elkarrekintzaren emaitza da. Gauza jakina da faktore horietako bakoitzak besteengan eragiten duela eta, era berean, guztien eragina jasotzen duela.
Hori horrela izanik ere, iruditzen zait literaturaren inguruan bestelako komunikazio-kontzeptu bat ere aipatu behar dela; hain zuzen ere, literatur testuak berrerabiltzeko, eta beraz, berriro komunikatzeko daukan gaitasuna.
Pako Aristik zioen (Irakurri, 25. or.) literaturak bizitza bikoiztu egin ziola berari, eta begien aurreko munduari begien atzekoa gehitu ziola: «... irakurketaren bidezko bizitzak sarri interesgarriagoa egiten zuen sarriegitan arrunkeriaz jantzita zetorren bizitza fisikoa, eta, alderantziz, honek intentsuagoa bihurtzen zuen askotan esperimentazioaren esentziaren faltan hoztasun mengel batean geratzen zen liburuetako sentimen tropela». Horixe eskaintzen baitigu literaturak, bizitza fisikotik irudimenaren mundurako sartu-irten askea. Baina, bizitza fisikoa interesgarriago bihurtzeaz gain, bizitzan zehar komunikazio-bide ere bihurtzen da. Horrela, aipu literarioen bidez, esaterako, guk egokiago adierazi ezin ditugun sentimendu, pentsamolde edota iritziak plazaratzen ditugu, mundu fisikoaren eta irudimenaren munduaren arteko harresiak eraitsiz.
Gogoan dut lehenago, sentimenduak nahiz jarreraren bat adierazteko aipuren bat behar nuenetan, erdal literaturetara jotzen nuela aipu horien bila. Gogoan ditut, batez ere, Benedettiren poemak, egunerokotasunaren hizkera arruntez jositako testu zoragarriak. Orain, ordea, euskal literaturak ere eskaintzen du bere bitartez komunikatzeko aukera. Batetik, liburuen ugaritasunak laguntzen du horretan; baina, bestetik, argitaratzen diren liburu askoren sakontasunak. Beraz, eta euskal literaturaren mundu txiki honetan etengabe etxeko hautsak harrotzen badihardugu ere, lantzean behin komeni da gogora ekartzea euskal kultura gero eta osasuntsuago dagoela. Izan ere, jendeari azaltzen diogu handia dela promozioaren eta marketinaren lana euskal literaturaren kasuan, larregizkoa dela Espainiako Sariek gurean duten pisua, ahulegia kritikaren lana... baina, horrekin batera, esan behar da maila handiko idazleak ditugula, eta idazle horiek laguntzen digutela egunerokotasun arrunta interesgarriago egiten eta, gainera, egunerokotasunean adierazi nahi ditugunak esaten.
Beraz, kontsumoan eta diruan oinarritutako oparien garaia igaro den honetan, irakurlea gonbidatu egin nahi nuke beretzat esanguratsuak eta bereziak izan diren aipu horiek oparitzera ingurukoei, testua bera nahiz testuak sentiarazi ziena biziberrituz. Nik, nire aldetik, Sarrionandiak idatzitako kirikolatzaren definizio hau oparitu nahi dizuet:
Sagarroiak
«Eguraldi txarrak harrapaturiko sagarroi taldearen etsenplua adigarria da.
»Mendian, negu iluntzean, sagarroiak hotzak daude, zelan berotu ez dakitela, banan bana jarriez gero hotzak gupidarik gabe jotzen dituelako, eta batak besteari beroa emateko elkar hurbilduez gero, orduan, eztenak tolestu ezinik, elkar minduko dutelako.
»Ez da erraza hurbiltasun pundu egokia». (Joseba Sarrionandia, Hitzen ondoeza)
Literatura. Hirudia
Jar dezagun zita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu