Lehengo batean aipatzen nuen garai bateko literatur aldizkariei zerien zintzotasuna eta gardentasuna falta zela, egun, euskal literaturaren mundu txiki honetan. Era guztietako eztabaidak zeuden, literatura militanteari buruzkoak, sariei buruzkoak, bai eta Amatiñok zerabiltzan gorbatei buruzkoak ere! Eta, eztabaida haiek guztiek bazuten ezaugarri komun bat: probokatzaileak ziren. Beharbada horregatik ziren hain biziak, eta horregatik ez zuten inor epel uzten.
Bide horretatik joko dut gaurko hirudi honetan, horrek dakartzan arriskuez jakitun. Izan ere, azkenaldian ahots asko ageri dira literaturan ustezko inpartzialtasunetik gure iragan hurbilari kritika egin beharra aldarrikatzen, eta barruak eskatzen dit gaiari buruz aritzea.
Mikel Hernandez Abaituak nahiz beste zenbait idazlek aldarrikatu dute ETAren ekintzekiko «isiltasuna» hautsi egin behar dela, eta goizegi dela gure historiaren zati horren orrialdea pasatzeko; horrek lagunduko omen digu gure lurraldearen historia modu unibertsalean kontatzen. Eta, beldur naiz historia modu unibertsalean kontatze horrekin ez ote duten adierazi nahi «benetako historia» kontatzea.
Idazlea beti abiatzen da bere bizipenetatik eta ideologiatik; ezinezkoa da historia inpartzialtasunez kontatzea, eta ondorioz, idazten dugun orotan dago ideologia bat. Van Dijkek aldarrikatzen zuen diskurtsoaren egiturek lotura zuzena dutela ideologiaren egiturekin, eta iruditzen zait ez zebilela batere oker. Aurreko hirudian jaso zuen Abaituak oso bakarrik sentitu zela ETAren sarraskiak narratzean, poliziek eragindako hilketez idaztean baino gehiago. Barkatuko didazue, baina adierazpen horrek berak ageri du jarrera bat, ez baitira gauza bera «sarraskia» eta «hilketa». Horratx froga garbia: historiaren idazketari tonurik neutroena eman nahirik ere, erraietan gordetzen du diskurtsoak idatzi duenaren ideologia.
Bestalde, Abaituak zera zioen testu berean: «literatura unibertsalari ekarpen handiena egin diezaiokeena nork bere lurraldekoa kontatzea da, era unibertsalean, eta munduan zehar gure literaturaz noizbait benetan arduratuko badira, gurea kontatzeagatik izango da, eta gai guztien artean euskal gatazkak sortuko du jakin-min handiena ia ziur». Zer da, baina, era unibertsalean kontatzea? Ez al da literatura unibertsalean dauden botere-egiturei men egitea?
Izan ere, gure historiaren argazki ahalik eta osoena atera nahirik ere, nork bere bizipenetatik idatziko du bere egia. Baina, ikerketa subalternoek aldarrikatu izan duten bezala, Historia idaztean ez dira hartzen kontuan ikuspegi guztiak, ezta gutxiagorik ere. Ondorioz, literatura unibertsalerako hautatuko liratekeen ikuspegiak ere ez lirateke polikromatuak, literatura handiek transmititzen dituzten baloreekin bat egiten dutenak baizik. Eta horrela egin ezean, beti izango dugu nork kontatu kanpotik bere «benetako egia».
Bukatzeko, ez zait iruditzen euskal literaturaren helburua «munduan zehar» izan daitekeen jakin-minari erantzutea izan behar denik. Lehenik, euskal irakurleok guretzat idatziko den literaturarik gabe geratzea dakarrelako.Bigarrenik, euskal idazlea diskurtso zehatz batera makurrarazten duelako. Eta, azkenik, euskaraz idaztearen beraren arrazoia ere ukatu egiten duelako.
Literatura. Hirudia
Jakin-minaz eta literaturaren beste min batzuez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu