Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Iztuetaren hiru geltoki

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
www.mondragon.edu/huhezi/ekt

Ikastaroa hasi baino lehen, aparkalekuan hasi da gerra osteko Paulo Iztuetaren kontakizuna, Arratia harana entzutearekin batera. 1969an Parisera erbesteratu aurretik, Arratian emandako urteetan, apaiz ikasketak egiten, lanean zein filosofia irakasle moduan, bere aleak utzi baitzituen. Etxetik transmititu zaigu gaur arte, Arratiako belaunaldi baten erreferente bihurtu baitziren Areatzako Sakramentinoen bueltako orduko elizgizonak. Maite Idirinek Atahualpa Yupanki euskaratzeko eskatu zion garaian, orduko Arratian.

Aretxabaletako egoitza berrian, dagoeneko gela barruan, Paris, Donostia eta Bilbo, hiru hiritan kokatu ziren hiru idazle hartu ditu gaitzat Iztuetak, gerra aurretik jaiotakoak hirurak. Haien gerra osteko literatur emariaz arituko da, bigarren euskal pizkunde moduan ezagut daitekeen garai horretan kokatuta.

Guraso zuberotarrak izan arren etxetik euskararik ez zekarren Jon Mirandez aritu da aurrena. Andimak ekarri zuen euskararen mundura Parisen, eta 1949rako euskararen munduan erabat sartua zen. Miranderen artikulu filosofiko eta politikoez mintzo da Iztueta. Kristautasunaren aurkako erreakzioak izadia edo barne intuizioa defendatzera eraman zuen. Iraultza estetikotik eratortzen dira Miranderen tesi politikoak, norabide horretan ulertzen baitzuen bilakaera. Ezin aipatu barik utzi Haur besoetakoa; Iztuetaren iritziz, Rousseauren Emilio obrara hurbilketa bat egon daiteke, gizon-emakume, osaba-iloba harreman horretan.

Donostiara salto eginez, Txillardegi idazlea aurkeztu digu. Eta beronen Orangutanen uhartea ipuin alegorikoa, Leturia eta Peru Leartzakoa. Existentzialismoa ulertzeko zailtasunen aurrean, Orixeren eraso dialektikoa Txillardegirekin zein gerora berarekin, Iztuetarekin, kontatu digu. Baita zelan aztertu zuen Ibon Sarasolak Txillardegi kritika formalistatik ere, Saizarbitoriaren Egunero hasten delako goraipatuz Txillardegiren obraren aldean. Txillardegik eta Mirandek barrura begiratzeko begia nahiko hurbil omen zuten, sentipenak, kontzientzia ulertzeko modua.

Eta azken begiratua Gabriel Arestiren Bilbori eman dio.Aresti idazle zirikatzaileak bihotz nazionalistak probokatu zituen, inongo ur sakonetan igeri egin barik ibili baitzen; alderdi komunistako orbitan zebilen era berean, orbita euskaltzalean ere mugitzen zen.

Galde-erantzunen tartean,1973 inguruan izan zen eten sekularrari buruz mintzo da Iztueta, eten horretan gertatzen den erakundetze politiko eta intelektualaz. Asko luzatu gabe, hor utzi du ikerketa-gai izan daitekeen bide bat. Arratian emandako urteek izango zutelakoan arrastorik eten horren bilakaeran, horrela bueltatu da bat ikastarotik etxera bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.