Ismael Manterola
BEGIZ

Izena eta izana

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Izena duen guztia existitzen omen da; beraz, izena ukatzen zaion herria ez da existituko. Herri kolonizatuen desagerpenaren hasiera izena desagertzearekin etortzen da. Hauxe pentsatu nuen nire lagun batek Whatsappez aurtengo Inmersiones izeneko iragarpena bidali zidanean. Iragarkiak hala zioen: Etxeko kontuak. Euskal Autonomia Erkidego, Iparralde eta Nafarroako artista berrien biltzarra. Barregarria izango zen, serioa ez balitz. Berehala azaldu ziren harridura aurpegiak sare sozialetan, eta Twitterren irakurri ahal izan genuen ez ote zen motzago eta praktikoago Euskal Herriko artista berrien biltzarra idaztea. Baina, nire ustez, hortxe dago koxka, antolatzaileek, modu batera edo bestera, Euskal Herria hitza erabiltzea ekidin nahi izan zutela. Zergatik da egin dezakegun galdera logikoena.

Aukera ezberdinak egon daitezke. Horietako bat antolatzaileek hala erabakita egin zutela izan daiteke; bestea, diruz lagundu dutenek jarritako baldintza izan daitekeela. Lehenbiziko aukerari barre egin diezaiokegu, eta kritikatu. Bigarrenari, zentsura deitzen zaio.

Demagun antolatzaileek ez dutela erabili nahi tradizioak, historiak, Euskaltzaindiak eta euskaldunok erabiltzen dugun termino kulturala, eta, horren ordez, gaur egungo termino administratibo politikoak erabili nahi izan dituztela, objektibotasun eta asepsia ariketa bitxian. Hala balitz, lehenbiziko lurraldea aurkezteko Espainiako administrazio autonomikoak ematen dion izena erabili badute ere, ez diote bide berari jarraitu Nafarroa izendatzean, eta zer esanik ez Iparraldea hitzaren erabilpenean, Iparraldeak ez baitu administrazio lurraldea izendatzen. Beraz, egokitasun politiko administratiboari jarraituta, izenburua hala idatzi beharko litzateke: Euskal Autonomia Erkidego, Euskal Hirigune Elkargo eta Nafarroako Foru Komunitateko artista berrien biltzarra. Oraindik ere barregarriago.

Bestalde, kultura komun baten partekatzea ez bada, zer da izenburuan idatzita azaltzen diren lurraldeen arteko harremana? Hau da, zergatik antolatzen da hiru lurralde horien arteko artista berrien biltzarra eta ez Euskal Autonomia Erkidegoa, Kantabria eta Iparraldeko artista berrien artekoa? Edo Nafarroa, Iparraldea eta Aragoiko erkidegoaren artekoa? Modu batera edo bestera, antolatzaileak ere hiru lurralde horien arteko nolabaiteko harremana onartzen ari direla iruditzen zait. Hala bada, zergatik ez erabili Euskal Herriko artista berrien biltzarra izenburua?

Harrituta geratzen naiz zein sutsu defendatzen duten batzuek Saharako herriaren borroka eta ukatzen dioten Euskal Herriari bere izena. Hala ere, herri kolonizatzaileek herrien izena desagerrarazteak ez nau harritzen, tristura izugarria ematen didana da kolonizatuok zein erraz irensten ditugun kolonizatzaileen iritziak, politikoki zuzenak izateko. Benetan uste al dute Inmersiones delakoaren antolatzaileek beraiek erabilitako izenburuak ez duela ñabardura politikorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.