begona del teso
Eppur si muove

Izan bedi odola madarikazio eternala

2024ko abenduaren 6a
04:30
Entzun

Egungo zinemagintza politikoki arras ortodoxo, paritario, berdintasunezko, woke eta aspergarrian, badirudi goi mailako eskola pribatuetan filmatzen ikasi duten emakumezkoak lehenbizikoak izan direla generokideen hileroko odol isuriaz mintzatzen. Badirudi beraiek baino beste inork ezin duela emalege minez eta beldurraz berbarik egin. Badirudi ere emakumezkook harro egon behar dugula menstruazioaz.

Oker dira. Tronpaturik, gaur egungo filosofia eta ideologia merkeek, inolako minik, zirrararik, eztandarik eragiten duten horiek harrapaturik, sortzen dituzten pelikulak zeharo dira minberak eta gu, bizitzan zehar hilero bost egun odoletan pasatzen ditugunok, biktima hutsak, odol horren andre eta jabe bihurturik, jario gorria erreibindikatu behar omen duten biktimak.

Sentitzen dut ahizpok, baina zineman menstruazioaren terrorea, beldurra, mina eta lotsa erakutsi zituen lehena ez zen emakumea izan, gizonezkoa baizik. Eta ez pentsa, ez zituen bakarrik izua, ikara, eta delirioa agerian utzi. Ez, eta badakit horrek min emango dizuela; gizonezko hark odol errio horrek unibertso bera hondamendi infinitura bidaltzeko duen ahalmen ikaragarria azaldu zuen, zinemak inoiz ahaztuko ez duen eszenan azaldu ere. Hamaika irakurtzeko jaioak zaretenez, garenez, beste kontu bat behar dizuet adierazi: Hori guztia zineman baino lehen paperean azaleratu zuena ere gizonezkoa izan zen. Eta guk, egunotan bien graziya ospatzen dugu. Bien atrebentzia laudatzen eta odolak erakarri zuen mendekua bandera hartzen.

Egunotan, bai. Berrogeita hamar urte betetzen direlako Stephen Kingek Carrie munduratu zuela. Berrogei eta zortzi, Brian de Palmak pantailaratu zuenetik.

(ID_14486763) (/EZEZAGUNA) carrie
Sissie Spacek aktorea, Carrieren rolean.

Handiak ari dira suertatzen oroipen zeremoniak. Nobelaren luxuzko edizioa, urrez eta sugarrez apaindutako azal gogorrekoa merkaturatu da, poltsa gorri-beltza opari duen edizioa. Poltsan gutako hainbatek urguiluz kantatzen dugun esaldia agertzen da odolez idatzia: Erneguak emakume izena du: Carrie!

Edizio elegante honetako hitzaurrea, Zigor Garrok euskarara ekarri zuen Neskamearen ipuina sortu zuen Margaret Atwoodek da idatzia. Arketipotzat jotzen du izkribu horretan mendeku egarriz den eta denak (bera barne) suntsituko dituen neska, askok gure ahizpa benetakotzat duguna. Arketipoa, Victor von Frankensteinen kreatura edo Grimm anaien ipuinetako pertsonaiak diren moduan, misterio guztiak, dolu guztiak, bakardade osoak bildu ohi dituzten arketipo horietako bat. Bat eta berdingabea, sute guztiez fuerakoa (nahiz eta bere burua inmolatu, Thelmak eta Louisek egingo duten bezala).

Sutondoan ari gara milaka pelikula berriro ikusten. Jende andanak alokatzen du egunotan plataformetan. Eta garai minbera, tuntun, bigun hauetan inoiz baino ausartagoa deritzogu, inoiz baino ikaragarriagoa, inoiz baino gure aldekoagoa. Inoiz baino ikusgarriagoa filmaren ordubete, 14 minutu eta 25 segundo pasa direnean hasten den hekatonbea. Zirraragarriagoa. Errebindikatiboagoa. Carrieren amak, buruberokeria erlijiosoak zein ezkutuko desioek eta penak harturiko munstro bekatariak, zera dio pelikulan zehar, Evak Jainkoari kontra bekatu egin zuenean (ederki dakigu guk, sagarraren bidez libertatea luzatu zigula bere ondorengoei…). Goiko Jaunak madarikatu zuen, in sekula sekulorum amen.Eta madarikazioa, Carrieren amak esana, odola izan zen. Baina ai zelako isuri zinematografiko-literarioa!  Ai zeinen zigor bikain eta sekulakoa, mina eta gero mendekua eragiten badu.

Ahizpok, ez zarete aitzindariak izan hileko kontuetan. Gizonezko bik kontatu ziguten, mende erdi bat dela, Carrieren lehenengo menstruazioa. Baita azkena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.