Literatura. Hirudia

Itzalpean

2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ghettotik kanpo liburuez noiz hitz egiten dugun ekarri nahi nuke gaur hizpidera. Ezin ukatuzkoa baita literaturazaleen ghettoan beste molde batez hitz egiten dugula letrez, «mokofinezia» itxuratiz nahiz zinezkoz. Jose Luis Peixoto portuges idazleak idatzitako artikulu batek ernarazi dizkit halako pentsuak: Luta de Classes (Visão, 2013ko maiatza).

Oso ideia interesgarriak biltzen ditu Peixotok lerrootan. Alde batetik, dioenez, haren kulturaren oinarrian ez dago elitismorik, eta, hartara, liburu bat oso saldua izateak ez dakar, berez eta ezinbestez, hura kalitate eskasekoa izatea; bestetik, liburu batzuk gaitzespenez sailkatzeko joera salatzen du Peixotok: ba omen dira etxekoandre-entzako liburuak, esaterako. Batzuetan irudipena izan dut gazte-literatura izendapena ere gutxiesgarria ez ote den uste baino gehiagotan.

Tira, egingo nuke askotan eragiketa errazegi bat egiten dugula: saldua=txarra. Azken batean, pentsamendua sinpletzeko modu bat da hori, eta, aizue, aurreiritziak ezinbesteko ditugu liburu-samalda horretan hautuak egiteko: babes-mekanismo bat da, ezin baitugu enpirikoki egiaztatu salmahaiko liburu guztiak onak diren ala ez (eskerrak kritikariek arintzen diguten egiteko hori).

Horretan ari nintzela, gogora etorri zait zenbat bider egin didaten berba Grey-ren itzal ospetsuez azkenaldian, ghettotik kanpo betiere. Ikastolako gurasoen kopauetan ere behin baino sarriagotan hartu ditugu ahotan, gaiak berez txantxarako ematen duen aukeraz baliaturik: ea latexa edo larrua hobea den; ea nola hobetu den bakoitzaren maita-bizitza; ea irakurri al duzuen nola emakume batek eskatu zion dibortzioa senarrari liburuko kutixiak egin nahi ez izateagatik… Horrek erakusten du oraindik sexuaz bromaizean baino ezin dugula hitz egin talde zabaletan, baina, baita ere, trilogia horrek egundoko arrakasta izan duela, eskolaz geroztik libururik irakurri gabeko batek edo bestek liburuok irensterainokoa.

Nik, ordea, ezin dizuet liburu sail horren on-gaitzez jardun, ez baitut alerik ere irakurri, eta uste dut, seguruenez, Anais Nin-en Venusen delta-rekin bete dudala aurtengo literatura erotikoaren kuota (atseginez bete ere). Hala ere, bistakoa da liburuak bere bidea egin duela, eta eragin estali-gordeak izan dituela askoren intimitatean ere. Adiskide batek lehengoan esan zidan tapper-sex saio bat antolatzekotan zela bere etxean. Eta, hara, tabu batzuk eranzten lagundu badigu, gaitz-erdi. Ez al gara beti erostaka ibiltzen literaturaren eragin apalaz?

Artikuluko erdi-lanak beteta nituela (ez pentsa dena idatzaldi bakarrean ateratzen denik beti), amak hots egin zidan gure izeko zahar bat ospitalean zegoela etsipena harturik, eta, inpentsan, artikulu honekin gurutzatu zitzaidan haren irudia. Gure amamak goizeko ordu txikiak arte Boxeo izarrak ikusten zuen bitartean, gure izeko Julik liburuak irakurtzen zituen, gehienak nobela beltzak eta azkenaldian eskandinaviarrak (astean hiru, agidanez). Laurogeita hamabost urtetan ez zuen baztertua ohitura hori, eta askotan berotu egiten zen eta goizaldera arte liburuari helduta egoten zen hura ezin utzirik. Ez ziren maila gorengo liburuak izango, baina bai buru-ariketa bikainak harentzat.

Lehengoan beste adiskide batek idatzi zidan esku artean zuen itzulpen bat zela kontu. Ironiaz ziostan «kalitate handi»-ko literatura zela hura (haurrentzako liburu sail koloretsu horietako bat), baina niri iruditu zitzaidan halakoen beharra ere badagoela, ezin baikara gogoeta sakonei emanda bizi egun osoan: atsegin hartzeko edo minak kentzeko liburuak ere behar ditugu.

Azken batean, literatura, goi-arnasarik edo borrokarako deirik gabe ere, beste gauza franko izan daiteke: terapeutikoa, gizarteratzailea nahiz isolatzailea, amets-eragilea, solasgaia, denbora-betegarria, lasaigarria nahiz pizgarria, musikala, bidaztia, jostagarria, bakardade-galgarria…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.