Jose Angel Irigarai.
Joxan Artze hil da. IRITZIA

Isturitzetik bazter lanbrotsuetara

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Idazlea

Bizitzaren atea dukegu heriotza, zioen Joxan Artzek. Aspaldi honetan lurralde horretan bizitu zen, eta poesia ere gogo-bide horietan sortu eta ondu zuen.

Joan den mendeko 60ko hamarkadan, Europan barna ibili ondoren, sustraiak berraurkituz, herrira itzuli zen. Lehenengo hitz bilakatze saioak errotik bizi zituen pertsonal eta kolektibo egoerek eragin kezka eta arranguren inguruan gauzatu zituen… Garai berean, etnografiako tresna gisa gelditzear zegoen txalaparta berreskuratuz, Lasarteko Zuaznabar anaien eskutik eta Jexux anaiarekin batera, gaurko moldetara ekarri zuen, garaikide eran eta zabalkunde eta arrakasta handiarekin, are gure mugetatik haratago, garaikide musikan preziatua eta erabilia baita. Dena, ahotsa, hitza eta doinua, perfomance esperimental moduan, sorkuntzan murgilduz eta ongi hausnartutakoan barnatuz. Bestetik, poesian Isturitzetik Tolosan barru bezalako poesia-liburu esperimental eta abangoardiakoa ondu zuen (poesia espaziala, gaiak tratatzeko era, aipuak, disko batean gauzatua...), bide-berritzaile orduan eta gaur egun ere, oraindik.

Testuinguru horretan Ez dok Amairu taldea, nola ez, eta hamarkada hartan garatu zen kultur berpizkundea (arte plastikoan —Oteiza erdian—, antzerkian, dantzan, literaturan, arkitekturan...). Bertan bidaide hurko izan ginen puska batean, taldekide guztiekin batera eta beste hainbatekin. Artean hark sortu hainbat poesia gure imaginarioan txertaturik daude, erreferente gisa. Tartean gure bazterretan, Mikel Laboaren zilarrezko ostertzean, hegan dabilen hain maite zuen eta unibertsal bilakatu den txoria.

Poesia-bidea hitzen magiak liluratua eta traszendentziak zeharkatua oparo jorratu zuen, Isturitzetik Isturitzera hainbat une-lekutan barna (ez hain aspaldi, berriz ere ahotsa, hitza eta doinuen esperimentazioan, Isturitzera itzulia baitzen). Baina orain dolu-garaia da, azken liburuetan zioen Heriotzaren ataria dugu bizitza horretatik Bizitzaren atea dukegu heriotza horretarako urratsa eman du eta. Gaurgoitik, ate hori zeharkaturiko lurraldean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.