Gaindituta genuelakoan, bueltan datorkigu autentikotasunaren lasta zaharra. Berritutako izurri ikusezina bezala, barruraino sartua dirudi, forma lausoz inguratzen gaitu, noiz eta egitura ideologikoak krisian direnean, defentsa kolektiboak ahuldu zaizkigunean. Edozeren baitan antzeman daiteke bolada, eta inon ere ez.
Oso eraginkorra da nonbait mito jatorraren kudeaketa kontsumo gizartearentzat, ageriko kontraesan filosofikoek aisa desmuntatu badezakete ere. Berezkoa zer den eta zer ez denaren eztabaida antzua dagoeneko alboratua bagenuen ere, boterea aitortzen diogu oraindik irmo eutsiko dion zerbait badenaren usteari. Artefaktu sinbolikoa litzateke, eta badu interes kulturalik gure izaera eta eraikuntza morala ulertarazteko. Bizitzaren afektu eta emozio garbiz bustitako espazioak behar ditugu, kultura ekonomiko hutsetik harago doan zerbait, mozkin zenbakien lehortasunaren gainetik, ondasun espekulazioaren arrunkeriaz libre.
Sarri, nolabaiteko egia egonkortuarekin da nahastua gauza autentikoa. Benetakoa ei denaren erretorika trinkoa gainezartzen diogu, berez egia izan daitekeen ideiak bereziki hauskorra dirudienean, eztabaidagarria, zaila, ebasgarria. Baina autentikotasunak ez du egia finkatzen; aldiz, egiarekiko gure zalantzak areagotzen ditu. Izandakoa preseski hala izan den ez zaigu axola, ordea, moldagarria eta sinesgarria den bitartean.
Horrela, sekula izan ez den edota dagoeneko galdua denaren zantzua nagusituko litzaiguke, oraindik ere bigarren aukera erreklamatzeko garaiz gabiltzanaren itxaropena ez galtzeko edo. Orokorrean, atzera begiratuz aurkitu ohi dugu sasoia, orduan bai ginela gu, eta hori horrela izanik, orain garen hau esperientzia iheskor haren memoria zipriztina besterik ez litzateke, esaterako. Iragandako gertakizunetik hartzen dugu sona, orainaldian kontsumitu ahal izateko.
Ikuspegi idealizatu hauek betebehar zehatz bezain eraginkorra dute marketing diskurtsoaren baitan, horrela, norbanakoaren gorazarrea kontsumo ohiturekin da egoki uztartua, eta harreman sozialen konplexutasunekiko banatua, eragiketa berean. Egun, jendartearen kontzeptua ez da dagoeneko emantzipatuko gaituen euskarri gisa hartua, aitzitik, ihes egin beharrean gara bakoitzari gizarteak ezartzen dizkion ustezko ataka eta alienaziotik. Horregatik, norbanakoa multzoarekiko da kontrajarria, folklore eta errito astun gehiagorik ez, arren, utikan iraganeko manifestazio zarpailak! Kultura estandarizatu, burokratiko, masifikatu eta sintetikoak eratzen du ostera espazio berria, osagaiak lehengoak izanik ere. Komertzializatutako nostalgia bilakatu zaigu existentziaren mamia, inoiz izan ez zuen itxuran bisitatuz bizitza, arantzarik arrastatu beharrik gabe.
Izan ere, autentikotasuna tautologikoa da (den horixe bera izaea), bila aritzea zentzurik gabeko saiakera da, izatekotan. Norberarengan berezkoa den zerbait azaleratzeko esfortzu kasik mistikoa; ez du inolako azterketa enpirikorik onartzen. Desira kontsumitzailearen konplize bilakatzen gaitu, bere liluraren zerbitzari, gure gorputz sozialaren gainean. Besteekiko bizitza erlazioaren esperientziaren beharra zapuzten du, esperientzia bera erosi eta ikusgai jar daitekeen zerbait bailitzan.
Askapen pertsonalak oinarritik irentzen dituen bizitza estilo gaur egungoari nolabaiteko konpentsazioa eskainiko lioke autentikotasunak. Hortik, beti behar dugu nahi gehiago, etenik gabe puztu behar dira kontsumo desirak. Mitoak razionalizatu eta pertsonalizatu egiten du halako prozesua. Autentiko izatea dugu amets, inolako betebehar edo ardurarik ezarri gabe ospea irabaztea aurreikusten digulako. Kidetasun sena asetzen digu, aldi berean aparta izateko nahiarekin harmonizatuz.
Erabiltzailea bera produktu bilakatzeko prozesuaren satisfakzioa ahalbidetzen du autentikotasunaren ideiak, azken batean. Erosgaia ekoizten du eta kontsumo esperientzia eskaintzen, aldi berean. Modu horretako merkantilizazioak ez du halabeharrez erabiltzailearen mundu ikuskera gutxiesten, ostera, nia ulergarri, irisgarri egiten du. Eraldaketa sozialerako grinak eta errebeldiak ez du arriskuan jarriko norberaren autentikotasun komertziala, oso alderantziz, barnetik elikatuko du, gizentzeko.
Edonola ere, berritasuna higatzen zaien heinean, laster galtzen dute produktuek haserako distira. Erabilgarri bilakatzen dira, amankomun, eta zabor birziklagarri gerora. Produktuen logika berean, autentiko gisa sailkatua eta tolestua den izaera ez da gehiagoz gure akats edo ezinen isla. Eraikitako nortasunaz barne-anbibalentziak estaliko ditugu, marka pertsonala etengabe kudeatzera behartuz horrela geure burua, osagai autentikoak balioan jarriz, korapilo emozionalak antzeztuz eta errealitate printzak zirkulazioan jarriz. Normalizatua izan dadin, amorrua leunduko zaio norbanakoari, identitate arautu, ezagun eta xaloagoz berpizteko. Zirkulazioan jarritako ni berri eta subjektiboa izango da aurrerantzean bakoitzari buruzko egia definitiboa.
LAUHAZKA
Isla autentikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu