Google irekitzerakoan zerrendatzen zaizkidan ausazko berrien artean agertu zitzaidan SER irratiarena: tentsioa omen dago Azkuna zentroko zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren artean La Caixa fundazioaren proiektu baten harira. Berriak zioenez, La Caixak STEAM gela bat ezarri nahi du Bilbon, hau da, «zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak sustatzeko hezkuntza proiektu bat, nesken artean batez ere, arlo honetan dagoen genero arrakala txikitzeko asmoz». Azkuna zentroko Lantegi atalean kokatuko da, alegia, artisten erresidentziak eta proiektuak gauzatzen diren eraikinaren partean, arte produkzioari zein erakusketari espazio hori guztia kenduz.
Harritzen nau berriak inolako oihartzunik eduki ez izana. Bilboko kulturaren pribatizazioa zenbateraino normaldu den erakusten du, eta larritzekoa da oso. Goazen puntuz puntu: La Caixa ez al da fundazio pribatu bat, banku baten jabetzakoa? Ibex-35 indizean kotizatzen duten bankuek, CaixaBank horien artean, ez al dute 2024an euren irabazien errekorra %19 handitu, ez al dituzte 23.000 milioi euro irabazi? Mesedez, irakurri berriz zenbakia: 23.000 milioi euro. Halako irabaziak dituen entitate pribatu bati eraikin publiko bat eskaintzea ez da eskandalu bat? Ezin du Bilbon eraikin propioa erosi, bertan nahi duen proiektua gauzatzeko?
Beste kontu bat: bikain iruditzen zait Udalak STEAM gela bat sustatzea, hobe gainera genero ikuspegia txertatuta badu. Baina irabazi asmoko eragile pribatu batekin egin behar du hori? Ez al dugu Kultura Zientifikoko Katedra bat EHUn, ez al dugu Elhuyar fundazio bat? Ezin da hiru erakundeen arteko kolaborazio bat proposatu, asmo publikoetatik eta ez banka baten karitatetik alderdi hauek sustatzeko?
Eta beste bat: Bilbo erdigunean izaera publikoko eta erabilera anitzeko zentro kulturalik garrantzitsuenaren programa moztu behar da honi lekua egiteko? Artistek laguntza esparru publiko bat galduko dute fundazio pribatu baten mesedea betetzeko, eta egunkariek, telebistak, ez dute ezer esango?
Ulergarria da oso Fernando Perez, Azkuna zentroko zuzendaria jokaldi honen kontra agertzea, eta oso kezkagarria gaiak jasan duen isiltasuna. SER irratiko berrian sumatzen da hurrengo pausoa Perez postutik kentzea izango dela, proiektua barne erresistentziarik gabe aurrera atera dadin, eta agerikoa da isiltasuna hortik datorrela: egintza burutuen politika ezartzen ari dira. Guztia itxita dagoela eta Perez kanpora doala iragartzen dutenean atera nahi dute argitara, alegia, debate publikorako beranduegi denean, baliabide publikoen lapurreta notario aurrean sinatua dagoenean.
Inork ez du ezer egin behar Bilboko kultur politika pribatizatzaile, turistifikatzaile, antidemokratiko eta murriztaile hauen aurrean?